Aurreko larunbatean, Malen eta Aratz atxilotu zituzten eta antolakunde terrorista bateko kide izatea, armak eta lehergailuak sortu eta edukitzea leporatuta, espetxeratu dituzte. Euskal Herriko historian zehar hainbatetan pairatu izan ditugu horrelako muntai polizialak, terrorismoaren akusaziopean militantzia politikoa errotik moztu eta gizartean beldurra hedatzea xede izan dutelarik.
Honen erakusle hainbat adibide izan ditugu azken hamarkadan. Tartean, Altsasuko kasua, iazko urriaren 12an Falangeak antolatutako kontzentrazioari aurre egin zieten gazteen kontrako kriminalizazio kanpaina edota euskal selekzioaren aldeko manifestazioen harira eman ziren atxiloketak.
Espainiako hedabideetatik martxan jarritako kanpaina mediatiko bortitzaren ondorioz, Malen eta Aratz behin behineko espetxealdian sartu dituzte. Desobedientzia eta militantzia politikoa terrorismotzat saldu nahi diguten honetan ezin gara isilik geratu. Muntaia honi aurre egiteko eta Malen eta Aratzen askatasuna exijitzeko larunbatean, urriak 31, arratsaldeko 18:00etan ASKE Antolakundeak manifestazio bat deitu du Bilboko Plaza Eliptikotik. Muntai polizial honen aurrean, ez dago beste alde batera begiratzerik, eta posizioak hartzeko unea da.
Horregatik, larunbatean, MANIFESTAZIOA antolatu dugu Bilbon, Malen eta Aratz pairatzen ari diren muntai poliziala salatzeko.
MUNTAI POLIZIALIK EZ, MALEN ETA ARATZ ASKATU!



