Lehenik eta behin, gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu atzoko egunean espetxeratuak izan ziren kideei, baita haien senideei ere; argi izan dezatela ez daudela bakarrik. Era berean, espetxeratzea salatu eta haien berehalako askatasuna aldarrikatzen dugu.

Pasa den irailaren 26an hiru pertsona kontrol batean gelditu zituzten, eta denbora luzez, bai autoa, bai haiek miatu ondoren gainean zuten guztia kenduta aske utzi zituzten. Handik hiru asteetara, haietako bi Irungo zipaioen komisaldegian atxilotuak izan zirela jakinarazi ziguten.

Larunbatetik hona, espainiar estatuko hedabideek sekulako kanpaina mediatiko bortitza jarri dute martxan, bi kide hauen zein Jardun Koordinaroraren aurkako kriminalizazio kanpainari bete-betean ekinez. Honek ondoren etorri den prozesu judiziala bera baldintzatu du zeharo. Hau agerian geratu da epaileak hartutako erabakian, baita honek erabilitako susmo zein leporaketetan ere.

Atzoko prozesuan, akusatuei leporatutakoen artean, inolako oinarririk gabeko eta susmo hutsetan oinarritutako salaketak egiteaz gain, epailearen aurreko deklarazioan inolako baliorik gabeko frogak erabili dituzte akusatuei oso larriak diren delituak egozteko, hala nola, "armak eta lehergailuak fabrikatzea eta horiek edukitzea" edota "talde terrorista bateko kideak izatea", akusazio hauen frogatzat soilik su-itzalgailuak pinturaz nola bete erakusten duen bideo bat hartuz.

Azken honek ohartarazpen bat egitera garamatza. Izan ere, leporatu dizkieten delituak frogatzeko erabilitakoak oinarri hartuta, Euskal Herrian antolatuta dagoen edozein pertsonari leporatu ahal dizkietelako. Hori gutxi balitz, egoerari larritasun handiagoa emateko asmoz, azken urteetako zenbait desobedientzia politikoko ekintza baliatu dituzte. Beraz, terrorismoaren mamuaren aitzakia pean, bi pertsona hauekin egin bezala, haien militantzia politikoan baliatutako borroka molde zein baliabideak izanagatik, terrorismo delitupean atxilotua eta behin-behinean espetxeratua izateko arriskua dago.

Hau ez da ezer berria Euskal Herrian, eta ez dira gutxi gisa honetako adibideak. Izan ere, aspalditik dute terrorismoaren mantraren marko diskurtsiboa eraikita, edozein momentuan daturik ñimiñoarengatik ere beraien makineria mediatiko zein judiziala martxan jarri eta proiektu zein militante politikoak atxilotu, espetxeratu zein deuseztatzeko.

Argi dago muntai polizial baten aurrean gaudela, eta honen helburua militantzia politikoa kriminalizatu eta gizartean izua zabaltzea dela. Abokatuek adierazi dutenez, akusatuei ez diete defentsarako inolako aukerarik eman, eta lehen aipatu bezala, presio mediatikoaren eraginez epaileak saioa hasi aurretik jada erabakia zuen auzipetuak espetxeratzea.

Azkenik, beste behin ere elkartasun osoa adierazi nahi diegu Malen eta Aratzi, baita haien familia eta ingurukoei ere. Horretaz gain, gogor salatzen dugu muntai polizial eta mediatiko hau eta dei egiten diegu Euskal Herriko zein beste herrialdeetako eragile politiko zein norbanakoei muntai polizial hau salatu eta elkartasuna adieraztera.

MUNTAI POLIZIALIK EZ, MALEN ETA ARATZ ASKATU!

IMG-20261021-WA0003.jpg