Hasi aurretik, gure elkartasun osoa eta besarkadarik beroena bidali nahi dizkiegu Estremerako espetxeko isolamendu ziegetan bahituak dauden Malen eta Aratzi, baita familia eta gertukoei ere.

Pasa den urriaren 17an Malen eta Aratz Irungo komisaldegian atxilotuak izan zirela jakinarazi ziguten. Geroztik hona, bien aurkako kanpaina kriminalizatzaile eta mediatiko bortitza jarri zen martxan, denen begietan argi dagoen muntai polizial baten baitan. Zipaioek kontrolean bertan ateratako argazkiak sare sozialetan zabaldu dituzte, eta bien inguruko informazio pertsonala lau haizetara zabaldu. Kanpaina bortitz honek, prozesu judiziala bera baldintzatu du eta inolako baliorik ez duten frogak erabili dituzte delitu oso larriak egotzi, eta behin-behinean espetxeratzeko. Hurrenez hurren, “armak eta lehergailuak fabrikatu eta edukitzea” edota “talde terrorista bateko kideak izatea”.

Aipatu bezala, aste honetan argi geratu da egotzi zaizkien delituen frogek ez dutela inolako baliorik, eta prozesu judizial honen helburu bakarra, militantzia politikoa kriminalizatu eta Euskal Herri Langilearen baitan beldurra eta otzantasuna hedatzea dela. Hainbestetan aipatu dituzten alegiazko zuloen kokalekuetan ez dute ezer aurkitu, su-itzalgailuak margoz betetzea lehergailuen fabrikaziotzat hartu dute, eta margoketak egitea zein propaganda politikoa zabaltzea “bake zibilaren aurkako delitu” bilakatu dute. Izan ere, auzi honek ez ditu soilik Malen eta Aratz epaitzen. Espainiar estatuak aurrekari bat ezarri nahi du Euskal Herrian antolatua dagoen pertsona oro epaile eta polizien jopuntuan jarri, eta militantzia politikoa kriminalizatzeko.

Delitu hauek terrorismoa badira, plaza honetan gauden guztiok izan gaitezke terrorista. Baina hau ez da ezer berria. Azken hamarkadetan ezagunak izan dira horrelako kriminalizazaio kanpainak Euskal Herrian. Hala nola, duela hamar urte Altsasuko gazte batzuk espetxera eraman zituen kasua, pasa den ekainean Asier eta Youssef militante internazionalistek pairatutakoa, gizonezkoen munduko futbol txapelketan probokatzaile espainolei aurre egin zietenen aurkako kasua eta iazko urriaren 12an Falangeari aurre egiteagatik atxilotu eta seinalatu zituztenak.

Ezin dugu aipatu gabe utzi, Malen eta Aratzek zein beraien senideek espainiar estatuaren eskutik pairatu behar izan dutena. Lehenik eta behin, deklarazioen ostean Alcala eta Soto del Realeko espetxeetara eramango zituztela jakinarazi zieten familiei. Egun oso bat pasa arte ez zuten espetxeratuen inolako informaziorik jaso, eta hauek familiei deitu ostean ohartu ziren Extremerako espetxean zituztela. Jarraitzeko, FIES erregimenaren pean eta isolamendu ziegetan daudela jakinarazi ziguten familiek, honek presoarentzan eta ingurukoentzat suposatzen duenarekin: bisita eta deiak mugatuak dira eta guztiak grabatuak eta monitorizatuak dituzte. Bisitetaz gain, une oro bakartuta daude. Isolamendua tortura forma bat da.

Amaitzeko, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu, Malen eta Aratzi babesa adierazteko, gaurkoan Bilboko kaleak bete dituzuen guztioi, eta dei egiten dugu muntai polizialen aurrean borrokatzera. Orain guztion ardura da antolakuntzan sakondu eta nazio zein klase zapalkuntzaren aurka borrokatzea EUSKAL ESTATU INDEPENDENTE ETA SOZIALISTA LORTU ARTE, AMNISTIA LORTU ARTE, GARAIPENA LORTU ARTE!

MUNTAI POLIZIALIK EZ, MALEN ETA ARATZ ASKATU!

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!

GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!