Urriaren 12a, Espainiar estatuak bere naziotasuna aldarrikatu eta Euskal Herria armez eta bortxaz zanpatu eta sumitzen duten indar errepresiboak omentzeko baliatzen duten data dugu. Bortizkeria eta dominazioan ardaztua da espainiartasunak aldarrikatzen duen naziotasuna, ideia erreakzionario eta inperialisten gotorlekua, nazio zapalduen existentziaren ukapena eta langileon esplotazioa oinarri hartzen dituena.

Espainiar zein Frantziar estatuen helburua garbia da. Asimilazioaren bitartez, Euskal Herriaren nazio izaera errotik ezabatu eta Euskal Herri Langilearen askatasun grina behin betiko lurperatzea. Honen adibide argia da, uda honetan izan den gizonezkoen munduko futbol txapelketa. Gure kaleak ikur arrotzez bete nahi izan dituzte eta hau Euskal Herria ordez, Espainia edo Frantzia dela sinestarazi. Hau gutxi balitz, probokatzaileei aurre egitera ausartu direnen aurka makinaria errepresibo guztia martxan jarri dute, Euskal Herriaren existentziaren defentsa bera kriminalizatuz. Hemendik, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu azken hilabeteetan zipaio, espainiako polizia eta goardia zibilak atxilotu eta jipoituak izan diren pertsona guztiei.

Frantziar zein Espainiar estatuek argi baitute, Euskal Herrian euren ordena soziala mantentzeko unean une behar duten bezainbeste bortizkeria erabiliko dutela. Horretan berebiziko garrantzia dute gaurko egunez zuritzen dituzten kolore guztietako indar errepresiboek. Euskal Herri Langilearen diziplinamendua beharrezkoa denean inpunitate osoz jipoitu eta erahiltzeko eskumena dutela nabaria da, eta honen adibide ditugu, azken urte eta hilabeteetan eman dire kasu ezberdinak: hala nola, Martxoak 3an parte hartu zuten zipaioen kasuen artxibatzea, Santurtzin eta Hondarribian udaltzainek erahildakoak, pasa den urtean Falangeri aurre egiteagatik jipoiak eta atxiloketak pairatu behar izan zituztenak, Ipar Euskal Herriko ikasle mugimendua egun hauetan pairatzen ari den jazarpen bortitzean… Horregatik, ezin ditugu kasu errepresibo hauek modu isolatuan ulertu, Frantziar eta Espainiar estatuek aurrera daramaten zapalkuntzaren baitan baizik.

Honen aurrean, guri, Euskal Herriko independentista eta sozialistoi antolatzea dagokigu. Ezin gara zapalkuntzaren aurrean ikusle gisa kanpotik begira geratu. Estatu zapaltzaileek bitartekari ezberdinen bitartez asimilazio nazionala bultzatzen duten bitartean, ezin gara geldirik geratu. Euskal Herriko mugimendu iraultzaileak, estatuen estrategiari aurre egiteagatik pairatuko duen jazarpenari aurre egiteko baliabide antirrepresiboz hornitzearen beharrean gaude. Beraz, ez da indiferentziarako garaia. Antolakuntzarako eta borrokarako garaia da!

ASIMILAZIOA BORROKATU INDAR ERREPRESIBOAK SUNTSITU!

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!

GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!