EKAINAREN 7an DENOK SENPERERA!

Datorren ekainaren 7an Senperen antolatutako Amnistia Egunaren harira berriak ateratako artikulua.

EKAINAREN 7an DENOK SENPERERA!
2025eko ekainaren 2an

Senperen eraikitzen ari diren polizia etxe berriaren gunea hautatu zuen Aske taldeak, martxoaren 31n, «polizia bortizkeriaren aurrean» plantan ezarri duen kanpaina aurkezteko. Jardun koordinakundearen parte den talde horretako kideek, besteak beste, zera salatu nahi dute kanpainarekin: eraikitzen ari diren komisaria bera, udaltzainak armatuak izatea, eta militanteen segipenak. Urte oroz antolatzen duten Amnistiaren Eguna Senperen eginen dute, sinbolikoki, ekainaren 7an.

Beste hogei jendarme eramanen dituzte Senpereko komisaria berrira, sei milioi euroren obrak bukatzean. Askek hargatik hautatu du gune hori kanpaina iragartzeko. Larrun Aranzabal Aske taldeko kideak salatu du poliziak «egunerokoan» ikusten direla, eta militanteen segipenak eta ezartzen dizkieten isunak aipatu ditu. Bortizkeria ikusgarrienak ekinaldi publikoetan gertatzen direla gehitu du; kasurako, «polizia heltzean identifikazioak egiten dituzte, edota manifestariei oldartzen» zaizkie.

Askeko kideak Ipar Euskal Herrian berriki jakin diren «errepresio» kasuak deitoratu ditu. Kanboko Marieneko lurren borrokaren harira eta Uztailak 14 kolektiboko manifestazioaren harira izandako atxiloketak eta auziak gogorarazi ditu, eta erran du isunak eta zigorrak ezarri zizkietela militanteei. «Ez da gehiago torturarik, baina badituzte ongi pentsaturiko funtzionamendu batzuk militanteek errepresioa jasan dezaten», trenkatu du Aranzabalek.

Aske taldeko kideek berek pairatu dituzte, hurbiletik, salatzen dituzten jokamoldeak. Iragan urtean Zaballako (Araba) presondegira antolatu martxaren ondotik, Ertzaintzaren identifikazioek isunak ekarri zituzten segidan: desordena publikoa, erresistentzia eta desobedientzia egotzi zizkieten Aske antolakundeko 128 kideri. Mozal legea aplikatuz, 1.200 euroko isuna jarri zioten bakoitzari; 153.600 euro, orotara. «Erakusten dute preso politikoekiko elkartasuna delitu bilakatzen dutela», Aranzabalen erranetan.

Taldeko ordezkariaren ustez, «indibidualismoa» azkar den garaietan ere gazte belaunaldiak mobilizatuak dira. Errepresioaren funtzioa, preseski, borrokarako grina apalaraztea litzateke, Aranzabalen ustez, «militanteak bultzatzeko ikusten diren injustizia sozialak ez salatzera eta ez deus egitera». Afixak zabalduz, eta Euskal Herri osoan hainbat hitzaldi antolatuz —erakunde nazionala da Aske, Jardun bezala—, Poliziaren jokamoldeak ezagutarazi nahi dituzte. «Helburua da errepresioari aurre egitea, sozializatzea eta jendeak ikustea zer gertatzen den egiazki, eta ikustea Poliziak zer funtzio duen estatu kapitalistan», erran du Aranzabalek. Bilbon eta Donostian hitzaldiak egin dituzte, eta Ipar Euskal Herrikoen berri emanen dute sare sozialetan.

Senpereko Amnistiaren Egunean, bi mahai inguru eta manifestazioa izanen dira egitarauaren hitzordu nagusiak, eta manifestazioaren leloa kanpainari hertsiki lotua izanen da: Poliziaren bortizkeriaren aurrean Euskal Herri langilea batu. 18:00etan izanen da martxa, Ibarrungo frontoitik abiatuz.

Aranzabalek amnistia aldarrikatu du ekainaren 7ko ekinbidearen aurkezpenean: «Amnistiarekin ulertzen dugu euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen askapena, baina ez hori bakarrik; haiek borrokara eraman zituzten zapalkuntzen gainditzea ere bai».

Ibarrungo frontoian izanen da lehen hitzaldia, 11:00etan, eta Poliziaren infiltrazioak jorratuko dituzte, Irlandako, Espainiako Estatuko eta Herrialde Katalanetako hainbat kolektibotako kideekin. Bigarrena, bazkalondoan, eragile politikoen kontrako jazarpenen inguruan eginen dute; besteak beste, IK-ko kide ohi baten, Aske taldeko kide baten eta Uztailak 14 kolektiboko ordezkari baten arteko solasarekin.