** Datorren urriaren 12an, mobilizazio bat iragarri duzue Gasteizen. Zer esan nahi du Hispanitatearen Egunak zuentzat eta zer aldarri eraman nahi dituzue kalera? ** Hispanitatearen Eguna, Espainiar Estatuaren partetik inposaturiko jai egun arrotza izateaz haratago, Espainiak historian zehar gauzatutako kolonialismo zein zapalkuntza nazionala aldarrikatzeko baliatzen duen egun gisa ulertzen dugu. Eta honen bitartez, frantziar estatuak uztailak 14a erabiltzen den moduan, ukaziorako tresna gisa ulertzen dugu. Egun honen bitartez,okupazio militarraren ospakizuna eta indar errepresiboen aurpegi garbiketa burutzen dute, eta argi izan behar dugu egun honek asimilazio prozesuan sakontzea duela ondorio gisa.
Honen aurrean, indar errepresiboen figura eta betetzen duten papera salatzea beharrezkoa ikusten dugu, zapalkuntza nazionala, errepresioa eta azken finean, Euskal Herri Langileak bizi duen esplotazioa gauzatzea posiblea dela bermatzea da euren papera.
**Zer helburu jarri dizkiozue manifestazioari? ** Esan bezala, urriak 12an zapalkuntza nazionalaren zein indar errepresiboen aurpegi garbiketa eta normalizazioa burutzen da, bizi dugun asimilazio prozesuari aurre egiteko honi erantzutea beharrezkoa dela ikusten dugu. Baita ere klase ikuspegitik indar errepresibo guztiek jokatzen duten papera argi utzi behar dela uste dugu.
Honekin batera, beharrezkoa da zipaioek, foralek edota jendarmeek ere Euskal Herrian lekurik ez dutela argi uztea.
**Espainiar eta Frantziar Estatuek Euskal Herriaren nazio izaera ezabatzea helburu dutela diozue. Nola gauzatzen da hori? ** Uda honetan izan den gizonezkoen munduko futbol txapelketa asimilazio prozesuaren adibide argia izan da. Honen harira, gure kaleak ikur arrotzez bete nahi izan dituzte eta hau Euskal Herria ez ezik, Espainia edo Frantzia dela sinestarazi.
Kulturari eta nazio izaerari dagokionez, Espainiar eta Frantses Estatuek euren kultur nazionalen inposaketa dute helburu gisa, eta horren aurrean Euskal Herriaren existentzia oztopo bat da. Estatu bakoitzak euren instituzioen normalizazioa eta identitate nazionalen txertatzea bilatzen dute, honen bitartez Euskal Herri Langileak sistema politiko propio bat, estatu sozialista baten bitartez gorpuztu behar dena, eraikitzeko aukerarik ez duela sinistarazten saiatuz.
**Zer paper jokatzen dute polizia indarrek Euskal Herriko asimilazioan? ** Batasun nazionala zein klase dominazioa bermatzearen zaindariak dira indar polizialak, eta horretarako askapen nazional eta sozialaren alde antolatutako eragile zein norbanakoen kontra egitea da euren funtzioa. Asimilaziorako tresnak dira, etsaiaren zilegitasuna eta hegemonia kolokan jartzen dutenen kontra jazarpena gauzatuz. Hortaz gain, frantziar zein espainiar instituzio eta legedi nazionalen inposaketaren zaindariak dira baita ere.
Adibide bezala, azken astean Baionako ikasle batek gendarmeei euskaraz egiteagatik jipoitua izan zela jakin izan da, eta hau urteetan zehar eman den dinamikaren areagotzea ematen ari dela erakusten digu.
** Hainbat errepresio kasu eman dira Euskal Herrian azkenengo asteetan. Nola ulertzen dituzue hauek? ** Estatu kapitalistek ez diote inoiz klase dominazioari uko egingo, eta krisialdi garaietan dominazio honi aurre egiten dion antolakuntza forma oro jazartua izan ohi da. Egungo egoera ez da desberdina, sistema kapitalistak sortutako miseria zein zapalkuntzari aurre egiten duten antolakunde zien norbanakoak zigortu nahi dituzte, jazarpen hau eredu gisa baliatuz Euskal Herri Langileak altxa egiteak garesti irten daitekeelaren iruditegia sortzeko asmoz. Horri indar polizialak geroz eta biolentoagoak direla gehitu behar zaio, Ander eta Babacarren heriotzak erakutsi diguten bezala.
Indar armatuen faxistei aurre egiteagatik sarekadak, ikasle mobilizazioetan emandako jazarpen eta biolentzia bortitza, etxebizitza kaleratzeei aurre egiteagatik isun eta jipoiak…orokorrean lan politiko zein aktibismo lanetan diharduen pertsona oro beldur izatea dute helburu gisa, horregatik ikusten dugu garrantzitsua Euskal Herri Langileak antolakuntza prozesuan sakontzea. Errepresioa era isolatuan ulertzea baino, asimilazio prozesuaren eta zapalkuntza nazional zein sozialaren baitan kokatu behar dugu, eta honi aurre egiteko estrategia politiko baten alde lan egitearen beharra luzatzen dugu.
**Amnistiak Euskal Herri Langileak pairatzen duen jazarpenaren gaindipena suposatzen duela diozue. Zer planteatzen duzue norabide horretan? ** Amnistiak justizia Euskal Herri Langileen esku egoteak suposatuko luke, eta hortaz, gure errealitate politikoa eraikitzeko tresna bezala ulertzen dugu. Noski, hau lortzea soilik da posible zapalkuntza guztiak borrokatzen dituen proiektu integralaren bitartez, soilik orduan eskuratu ahal izango dugu Euskal Herriaren askatasuna, Euskal estatu independente eta sozialistaren baitan egikarituko dena, eta, bide batez, Euskal Herri Langilea errepresioaren bitartez azpiratuta mantentzen duten indar errepresiboak suntsitzea bermatuko duena.





