ASKE antolakundeak prentsaurrekoa burutu du Basauriko espetxean, datorren abenduaren 27an antolatutako Zaballako espetxe martxara deituz.
Azken urteotan, Euskal Herri Langilearen kontrako jazarpena indartzen ari dira bai espainiar, bai frantziar estatua. Izan ere, krisi kapitalistaren ondorioz ematen ari den etxebizitzaren garestitzearen, soldata errealaren jaitsieraren eta oinarrizko baliabideen pribatizazioaren aurrean, Euskal Herri Langilearen borrokaren zein militantzia politikoaren aurkako errepresioa handitzearekin erantzuten dabiltza estatu zapaltzaileak. Eta marko horren baitan kokatu behar dugu, hain zuzen ere, euskal preso politikoen aldeko elkartasuna gero eta jazarriagoa izatea.
Gauzak horrela, alde batetik, preso politikoak espetxetik atera eta askatasuna berreskuratzen dutenenean, beraien militantzia eskertzeko eta horren ondorioz jasandako urteetako espetxealdiari aurre egiteagatik egindako ongi etorriak kriminalizatu nahi dituzte, hauek eremu pribatura kondenatuz.
Bestetik, euskal preso politikoen aldeko aldarriak zein elkartasuna desagerrarazi nahi dituzte, horiek debekatuz eta zigortuz. Helburua argia da: Euskal Presoak isolatu nahi dituzte, Euskal Herri Langilearen partetik inolako babesik jaso ez edota hartu-emanik izan ez dezaten. Azken finean, Euskal Preso Politikoen existentzia eta amnistiaren aldarrikapena ukatu nahi dituzte. Izan ere, hitz egin eta ikusten ez den hori ez da existitzen. Bien bitartean, Euskal Herri Langileak bere askatasunaren bidean eta bere eskubideen defentsan burutzen duen borrokak gero eta kolpe errepresibo handiagoak jasaten ditu, izan etxebizitzaren defentsan, borroka antifaxistan, lurraren defentsan edo Euskal Herriko nazio zapalkuntzaren kontrako borrokan. Haatik, ezin ditugu modu isolatuan ulertu borroka horien aurkako kasu errepresiboak. Borroka hauen kontrako errepresioa espainiar zein frantziar estatuek Euskal Herri Langilearen aurka aurrera daramaten zapalkuntzaren baitan kokatu behar dugu.
Horrenbestez, borroka horien aurkako jazarpenari ezin diogu modu isolatu eta partzialean aurre egin. Epe luzerako perspektibarekin eta izaera estrategikoa duen helburu batekin jorratu behar dira, amnistia aldarrikatuz, alegia. Amnistiak, euskal preso politikoen askapena zein errefuxiatu eta iheslarien itzulera suposatzeaz gain, Euskal Herri Langileak pairatzen duen jazarpenaren gaindipena suposatzen du. Ildo horretatik, amnistiaren lorpenak amnistia gehiago exijitu behar ez izatea dakar. Beraz, amnistia aldarrikatzeak Euskal Herri Langileak bere askapenaren bidean burutzen duen borrokaren zilegitasuna aldarrikatzea suposatzen du.
Horren aurrean, debeku eta zigor guztien gainetik, amnistiaren aldarria Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzea eta Euskal Herri Langilearen agenda politikoaren erdigunean jartzea dagokigu. Gauzak horrela, aurten, duela bi urte egin bezala, espetxe martxa burutuko dugu Zaballara, euskal presoei gure elkartasun, berotasun eta indar guztia emateko eta, halaber, beraien askatasuna zein amnistia aldarrikatzeko. Eta, bide batez, argi utziko dugu ez dugula etsiko gure borrokan eta 153.600 euroren nahiz jartzen dizkiguten oztopo guztien gainetik igaroko garela, gure helburu den amnistia osoa erdietsi arte. Hortaz, dei egiten diogu Euskal Herriko langileriari abenduaren 27an, 12:00etan, Subillanako San Esteban elizatik aterako den espetxe martxan parte hartzera.