96.480 euroko isuna Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazteagatik

ASKE antolakundeak prentsaurrekoa burutu du Gasteizko Justizia Jauregian 96480 euroko isuna ezarri dietela salatzeko

96.480 euroko isuna Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazteagatik
2026ko martxoaren 23an

Euskal Preso Politikoen askatasuna exijitzeko eta amnistia aldarrikatzeko helburuarekin, espetxe martxa bat burutu genuen ASKE antolakundetik 2023ko abenduaren 30an. Egun horretan, martxa espetxearen inguruetara iristea galarazteko, elkartasuna eta berotasuna transmititzera zihoazen hamarnaka lagunen ibilbidea oztopatu zuen ertzaintzak. Hori gutxi ez, eta gainera, martxaren amaieran bertaratu ziren guztiak banan-banan identifikatuak, miatuak eta filmatuak izan ziren, horietako batzuek kolpeak, ukituak eta heriotza-mehatxuak pairatu behar izan zituztelarik.

Baina errepresioa ez zen horretan geratu. Identifikatutako pertsona bakoitzari 1.200 euroko isuna ezarri zion Eusko Jaurlaritzak, martxa horretan parte hartzea leporatuta. Isun honen aplikazioa Mozal Legeak poliziari ematen dion inpunitate eta arbitrariotasunaren eskutik gauzatu da. Honen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak pertsona bakoitza diru kantitate onartezina ordaintzera kondenatu du amnistia aldarrikatzeagatik eta Euskal Preso Politikoekiko elkartasuna defendatzeagatik.

Mozal Legeak, azken finean, pertsonak desmobilizatzea du helburu. Norbanakoak asumitu ezin duen isun baten inposaketaren bitartez, protesta politikoa egiteari utzi eta otzanak bilakatzea bilatzen du. Aitzitik, pertsonak indibidualizatzen eta atomizatzen dituen mozalaren aurrean, estatuaren oldarraldiari modu kolektiboan erantzutea erabaki genuen ASKE antolakundetik. Horretaz gain, protesta soziala eta elkartasuna debekatu nahi dituzten neurri politikoen aurkako kanpaina jarri genuen martxan. Halaber, isunak ekar zitzakeen ondorio ekonomikoei aurre egiteko elkartasun dinamika jarri genuen abian, Euskal Herriko hamaika txokotan elkartasun egunak antolatuz. Ez geunden prest Eusko Jaurlaritzak jarritako isunak hala nola ordaintzeko. Izan ere, isun honek eskubide zibil eta politikoak auzitan jartzen zituen momentutik, guregatik baino egoera berdinean egoteko arriskuan aurkitzen diren guztiengatik borrokatu beharra genuen. Hau da, Euskal Herri Langilearen protesta politikorako eskubidea defendatzeko isun horiek borrokatu beharra genituen. Ondorioz, isun bakoitzaren errekurtso bana sartu genuen Kontentzioso Administratiboan, isuna kentzeko eta egoera berdinean aurki zitekeen edonorentzat aurrekari juridikoa sortzeko.

Prozesuak aurrea egin du, eta berriki iritsi zaizkigu Kontentzioso Administratiboan jarritako helegiteen emaitzak: 1. eta 3. salek helegitea ontzat jo dute; 2. eta 4. salek, aldiz, helegiteak ukatu dituzte, poliziaren egiazkotasun printzipioa baliatuta. Dena den, ez dugu epai baten oniritzirik behar gure aldarrikapen politikoak gauzatzea zilegi dela aldarrikatzeko, eta epai batek kontrakoa sententziatzeak ez dio inoiz gure aldarrikapen politikoei zilegitasunik kenduko. Isunaren salaketa egin genuenean esan genuen bezala, ez dugu estatu espainolaren interesetara eraikia dagoen justizia deituriko horretan sinisten. Gainera, agerian geratu dira justiziaren desoreka eta epaileen subjektibotasuna sententzia hauen bitartez. Izan ere, bi epailek isunaren aplikazioa antikonstituzionaltzat hartu duten bitartean, beste biek ontzat jo dute poliziaren egiazkotasun printzipioa oinarri hartuta.

Gauzak horrela, ondorio ekonomikoei erreparatuta, egoera larria da. Helegitearen aurka sententziatutako isunen kantitateari, errekurritzeak eragindako errekarguak zein gastu judizialen dirua gehitu behar zaio eta, horrenbestez, isuna osotara 96.480 eurokoa izatera igaro da. Hala ere, honen aurrean, hasieran hartutako erabakian berresten gara. Batetik, aurrera jarraitzen dugu inposatu diguten kalte ekonomiko honi modu kolektiboan erantzuteko konbentzimenduarekin. Eta, bestetik, isunak dakarren kalte ekonomikoari aurre egiteko dirua biltzeko elkartasun dinamika bat jarriko dugu martxan. Hala nola, bono laguntzak, kamisetak eta ekarpenak egiteko bideak jarriko dira martxan isunari aurre egiteko.

Bide honetan, ezinbestekoa izango da elkartasunaren debekuaren aurka kokatuta dagoen norbanako zein kolektibo ororen laguntza eta ekarpena. Beraz, dei egiten dugu martxan jarriko diren dinamika ekonomikoetan lagundu eta aurrera eramango den kanpaina politikoan parte hartzera. Eta ildo beretik, debeku bilakatu nahi duten elkartasunaren aurrean, Euskal Preso Politikoen zein amnistiaren aldeko borrokan murgiltzeko deia luzatu nahi diogu Euskal Herri Langileari.

ELKARTASUNA EZ DELAKO DELITUA!

ERREPRESIOAREN AURREAN, AMNISTIA OSOA!

Gehiago honi buruz: Aske