ASKE antolakundeak urriaren 12an plazaratutako irakurketa.

2025eko urriaren 12an

Urriaren 12a bai frantziar, bai espainiar estatuek Euskal Herriaren ukaziorako baliatzen dituzten tresnen adierazle garbia da. Izan ere, tronpatu egingo ginateke, hau jaiegun arrunt gisa kokatzen duten diskurtsoekin bat egingo bagenu, urriaren 12a espainiar estatuak bere identitate nazionala inposatzeko baliatzen duen eguna baita. Euskal Herria desagerrarazteko bidean estatuok martxan jarritako hamaika neurriren logikan ulertu behar duguna. Ez da harritzekoa, beraz, Espainiako faxistek egun hau baliatzea, Euskal Herriaren nazio izaera ukatzen duten bitartean euren diskurtso arrazista eta erreakzionarioa zabaltzeko helburuarekin.

Eta aurten Gasteizko kaleetan argi eta garbi ikusi da urriaren 12ak zer suposatzen duen Euskal Herriarentzat eta honen etsai direnen eskutik zer- nolako tankerako erabilera duen. Gaur faxistek hiri honetako zenbait kale hartu dituzte. Baina hau, Euskal Herri Langilearen erantzun irmoa ikusita, ezinezkoa suertatuko litzaieke, euren jagole eta babesle gisa zintzo eta leial aritu diren indar errepresiboengatik ez balitz. Txakurrek gaur berriro ere ondo erakutsi baitute zein den euren jaun eta jabe. Horrela, faxistak ederto ausartu dira euren diskurtsoa publikoki plazaratzera, betiere poliziaren eta militarren laguntzaren itzalpean.

Azken urteetan faxismoak eta indar erreakzionarioek zein eskuin muturrekoek izan duten hazkundea eta gure kaleetan duten sostengu eta inpunitatea indar errepresiboengatik ez ezik, Euskal Herria nazionalki eta sozialki zanpatzen duten instituzioen laguntzari esker ere izan da. Lehengo lepotik baitute burua eta faxisten zein estatu zapaltzaileon helburuak oraindik ere amankomunak baitira. Gaur argi ikusi ditugun irudietan, faxisten aurka altxatu eta antolatutako antifaxistak dituzte jomuga. Batzuei alfonbra gorria jarri dieten bitartean, beste batzuek kolpeak eta oldarra izan dute aurrean, estatuak ondo zoriontzen baititu bere interesen alde dihardutenak, eta ederto jazarri berarentzat mehatxua suposatzen dutenak. Eta gaurko egunak argi utzi du aurreko baieztapenean zein den zein. Argi eduki jazarpena ez dela hor geratuko. Antifaxismoak eta Euskal Herriaren aldeko jazarpenak konstante bat izaten jarraitzen baitute ustez eta itxuraz demokratikoa den espainiar estatuan.Eta ziur gaude bide emango dietela atxiloketei eta prozesu judizialei nahiz administratiboei.

Urriaren 12a etsaiaren eguna da. Espainiar estatuko batasun nazionala bermatzen duten indar errepresiboen papera goraipatzeko eguna, batez ere, Guardia Zibilarena. Egun Euskal Herrian bizi dugun egoeraren eta indarrean dirauen zapalketaren erantzule nagusienetarikoak direnak goraipatzen dituen eguna. Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren alde antolatutako eragile eta norbanakoen kontra atxiloketak, torturak eta izua hedatzeaz arduratu direnen eguna. Etsaiarentzat bere zilegitasuna eta hegemonia zalantzan jartzen dutenen kontrako jazarpena baita ordena. Horrela, neurrira datorkie inperialismo eta genozidioarekin historiako orrialde beltzenetara betirako uztartuta egongo den data euren nazio aldarrikapenerako eguna izatea.

Izan ere, Euskal Herriaren desagerpena da frantziar eta espainiar estatuen azken helburua, denbora luzez daramatelarik xede horretan tematuta. Euskal Herri Langilearen zapalketa hil ala biziko parametroetan kokatu dute. Elkar ulertzeak men egitea suposatzen duen punturaino. Ezinezkoa baita Euskal Herriaren askapena estatuok inposatutako instituzio eta markoen pean eraikitzea. Ezinezkoa da jaberik eta morroirik gabeko gizartea eraikitzea, indarra, biolentzia eta zapalketa baitira inposatzen diguten egunerokotasunaren oinarria. Esplotazioa da moneta eta otzantasuna nahi dituena. Eta egoera irauli zein zapalduon alde lerratzen diren izpiak beti ikusiko dituzte mehatxu gisa. Hauek errotik moztera bideratutako ekinak ez baitira unean uneko erantzun puntualak, azpirazioan eraikitako sistema baten isla baizik.

Hortaz, ezin dugu parean dugun errealitate horren aurrean beste alde batera begiratu. Ez gara besoak gurutzatuta isilik geratuko. Gaur faxisten zein indar errepresiboen kontra antolatu eta borrokatu garen moduan, espainiar eta frantziar estatuen jazarpen eta zapalketa forma oro borrokatzea dagokigu.Euren armen eta biolentziaren eskutik eraikitako markoak, inposizioa, injustizia eta zapalketa oinarri dituzten estatuok ez baitaukate lekurik Euskal Herrian. Borroka inoiz ez baita alferrikakoa. Eta eurek bezala, geuk ere lehengo lepotik daukagu burua. Beraz, borrokaren lekukoa hartu, hau geure egin eta muturreraino eramateko helburuarekin antolatzea dagokigu. Amore ematea ez baita aukera bat. Ekin diezaiogun, beraz, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa ekarriko duen antolakuntza eta borroka iraultzailea ehuntzeari.

Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu gutxienez 17 pertsona atxilotu dituztela. Beraz, behin manifestazioa amaituta, ASKEtik atxilotuen alde 19:00etan Lakuako komisaldegi aurrean deitutako elkarretaratzean parte hartzera deitzen dugu.

ATXILOTUAK ASKATU!

INDAR ERREPRESIBOAK SUNTSITU!

ASKE antolakundeak urriaren 12an plazaratutako irakurketa.
Gehiago honi buruz: Aske