ASKE antolakundeak Estropadetan plazaratutako irakurketa
Hasteko, gure besarkadarik beroena eta elkartasun osoa Euskal Herriaren askapenaren alde borrokatzeagatik oraindik frantziar eta espainiar estatuen espetxeetan bahituta dauden euskal preso politikoei. Eta nola ez, Euskal Herritik milaka kilometrotara erbestean egonda ere gure bihotzetan oso presente ditugun iheslari politikoei. Era berean, aurtengo estropadetako amnistiaren aldeko manifestazioan, entitate sionistaren oldarraldi genozidari aurre eginez sarraski eta euren herriaren deuseztapen saiakeren aurrean defendatzeagatik, espetxeetan gatibu dauden palestinar preso politikoak ekarri nahi ditugu gogora. Zuekin gaude!
Beldur da etsaia. Gero eta nabariagoak dira espainiar eta frantziar estatuen arrakalak, bide hauen artean lekua egiten ari delarik ez bakarrik kapitalaren krisi sistemikoa, baita euren erregimen eta ustelkeriatik eratorritako krisi politikoa. Eta ataka horretan, estatuok euren betiko errezetarioa baliatzen ari dira: eskandaluen aurrean distrakzioa, aldarrikapenen aurrean ukazioa eta aktibazio eta militantzia politikoaren aurrean jazarpena. Horrela, euskal preso politikoen zein amnistiaren aldeko mezuak eta lanketa jarri dituzte jomugan berriz ere. Aurretiaz beste askotan egin duten bezala, ez baita ultraeskuineko alderdi eta eragileen eskutiko propaganda politikoaren aurkako salaketa hauek kaletik kentzera mugatzen. Kriminalizazio saiakera horrek ez du nahikoa arriskutsuak suertatzen zaizkien mezuak kaleetatik desagerraztearekin.
Amnistiaren aldeko lanketa ahanzturara kondenatu nahi dute, horretarako neurri ekonomiko, politiko zein juridikoak baliatuz. Preso politikoak desagerrarazi nahi dituzte, baina ez hauek egotearen kausei helduta eta hauek konponduta, baizik eta hauei erreferentzia egiten dien edozein adierazpen zein lanketa errotik moztuta eta ezabatuta. Horretarako, kaleko aldarrikapenen aurka berriro ere era sistematikoan jotzea erabaki dute. Ez gaitezen inozoak izan, ordea. Etsaiak bere helburua beteta ere, preso politikoek hor jarraituko dute. Euskal Herria zapalduta dagoen bitartean eta zapalketa honen aurka Euskal Herri Langilea antolatzen den eta behin eta berriz borrokan diharduen bitartean, preso politikoak egon egongo dira.
Eta hamaika badira ere azken urte, hamarkadetan, herri honen historia guztian zehar baliatu dituzten neurri eta trikimailuak, ez dago errealitate hori ezabatzeko gai izango den neurri jazarlerik. Ez dago Euskal Herri Langilea bere borrokalariekiko herriaren parte diren horiekiko elkartasuna eta atxikimendua errotik ezabatzea lortzerik. Eta hori ezinezkoa izango zaie amnistiaren alde, etsaiaren enbaten aurka, egunerokotasunean Euskal Herriko kaleetan buru- belarri diharduen militantzia politiko konprometituari esker. Hain zuzen ere, bai frantziar, bai espainiar estatuok Euskal Herria desagerrarazi eta azpiratuta mantentzeko aurrera daramaten estrategiaren oinarri den eguneroko jazarpena jomugan kokatzen duen militantzia politikoa. Euren neurri juridikoen eta txakur nahiz zipaioez osatutako beso armatuen bitartez anulatu, baztertu, kriminalizatu eta desagerrarazi nahi duten militantzia politikoa, estatuen gorakada errepresiboak ez baitio bakarrik preso politikoen aldeko auziari heltzen.
Izan ere, hamaika dira Euskal Herri Langileak pairatzen duen ofentsiba errepresiboaren aurpegiak: elkartasuna adierazteagatik ezarritako milaka eurotako isunetatik hasita, ongi etorrien kriminalizaziotik pasata eta frantziar estatuko blokatze orokorrean zein faxismoari aurre egiteagatik emandako atxiloketetara arte. Eta nola ez, ezin ditzakegu ahaztu Marieneko auzian edota Baztanen talde kriminal gisa epaituak izaten ari direnak.
Dena dela, aurrekoak ez dira isolatutako kasu zehatzak, jazarpena ohiko duen normaltasunaren aurpegiak baizik. Denak ala denak osotasun baten baitan kokatu behar ditugu, Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza nazional eta soziala iturburu duena. Horregatik ezin gara gertakari konkretuen salaketara mugatu. Haratago joan eta Euskal Herri Langileak jasaten duen jazarpenari aurre egiteko baldintzak sortzea urgentziazko auzia da.
Azpirazioari eta errepresioari modu osotuan aurre egitea dagokigu, ez bakarrik maila juridikoan, baita maila ideologiko, ekonomiko eta politikoan ere. Izan ere, ez gaude kolpeak jasota hauei erantzun zehatzak ematera mugatzen den izaera erresistentzialistako planteamenduak sostengatzeko prest. Euskal Herri Langileak pairatzen duen jazarpenaren muinera jo, hau gainditu eta puntu eta aparte jarri behar dion Euskal Herri independente eta sozialista egikaritzearen alde aritzeko gaude, koska ez baitago kolpeak jasatean, hauei aurre egin eta aldi berean askapenerako bidea ontzean baino.
Bide horretan, ASKEtik errepresioari modu osotuan erantzungo diogu. Frantziar eta espainiar estatuen oldarraldiei aurre eginez eta Euskal Herri Langilearen kontraboterearen eraikuntzan lagunduz. Horrela, Euskal Herri Langileak pairatzen duen azpirazioari aterabidea eman behar dio alternatiba politiko eta estrategikoak. Mugimendu iraultzailearentzat, jazarpen forma oro gainditzeko bidean erdietsi beharreko ortzimugak izen argia dauka: AMNISTIA. Izan ere, hau ez datza soilik euskal preso politikoen askatasuna erdiestean. Euskal Herri langileak pairatzen duen jazarpenaren gaindipena eta, aldi berean, bere askapenaren alde emandako borrokaren eta honetan aritutako borrokalarien zilegitasun osoaren aitortza suposatzen du Euskal Herri Langilearen begietan. Amnistia lortu barik, ez baitugu jazarpenik gabeko Euskal Herririk ezagutuko. Amnistia barik ez baitago Euskal Herri askerik eraikitzerik.
Beraz, entzun dezala etsaiak hemen izan badela Euskal Herria askatzeko Alternatiba Iraultzailea, oztopoak oztopo, kolpeak kolpe, amorerik emango ez duena. Eraikitako espetxeetako hormetan barrena, Euskal Herriko kaleetan zehar ekiditen eta deuseztatzen saiatzen diren arren, hedatu egingo baita borrokan ari den eta borrokarako prest zein pausoak ematen diharduen askapenera bideratutako mugimendu iraultzaile baten oihua.