ASKE antolakundeak 2026ko Estropadetan plazaratutako irakurketa

2026ko irailaren 13an

Hasi aurretik, besarkadarik beroena bai frantziar, bai espainiar estatuetako ziegetan bahituta dauden euskal preso politikoentzat.

Euskal Herriaren aldeko askapen borroka hormetatik zein memoriatik ezabatu nahian dabiltza. Zuzenen eta gaizkileen demaren artean kokatu dute frantziar eta espainiar estatuok euren errelatoa. Horrenbestez, Euskal Herriaren alde borrokatutakoak terrorista eta hiltzailetara murriztu dituzte, Euskal Herriaren azpirazio zein zapalketaren alde buru-belarri aritutakoak goratu eta horiei ohore egiten dieten bitartean. Hau guztiau, gainera, estatuen zerbitzupean diharduten masa hedabideen eta euskal hitza ustez bakarrik duten alderdi nahiz instituzioen kolaborazioarekin ematen ari da. Gauzak horrela, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatutakoak madarikatzen dituzten bitartean, borreroak gurtu beharreko figura bilakatu nahi dituzte.

Izan ere, bortizkeria eta jazarpena dira estatuon ordenaren eta bakearen erroa. Eta inposiziotik dator eurek normalitatea deritzoten hori. Egunerokoan ikusten ditugun oldarraldiek, izaera isolatuko gertakari izatetik urrun, estatuon azpirazio eta jazarpen estrategiak bere horretan dirauela besterik ez dute agerian uzten. Azken urteotan Euskal Herri Langilearen aurka gero eta ohikoagoak diren jazarpen kasuak estatuek ondo neurtu eta diseinatutako estrategia horren bide-orriaren parte dira. Hori dela eta, Euskal Herrian ustezko bake egoeratik oso urrun gaude oraindik ere.

Ataka horretan, amnistiaren aldeko borrokak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka, beronek barnebiltzen baitu Euskal Herri Langileak estatuon eta hauen jazarpen makinariaren aurka aurrera eramandako borroka. Jazarpenaren azken helburua zapalduok, euren atzaparren menpe bizi garenok isilaraztea, sumitzea eta sistemak ezarritako arau nahiz legeen arabera eta hauen baitan jardutea da. Euskal Herriko langileon potentzialtasun iraultzailea indargabetu eta hauek estatu zapaltzailearen intereserako suposatzen duten mehatxua ezereztea, frantziar eta espainiar estatuen ukazioa eta euren autoritarismoaren egikaritzea baita jazarpena. Euskal Herria estutzea eta diziplinatzea xedetzat duena. Eurek markatutako lerroetatik kanpo dagoen oro kriminal terroristatzat izendatzen duena. Ez dezagun geure burua engainatu. Estatu zapaltzaileek beraien asimilazio nazionalean eta esplotazioan aurrera egin ahala, gero eta gogorrago zigortuko dute Euskal Herriaren askapen borroka, kriminalizazio honen helburua argia baita. Batetik, errepresioaren bidea ahalbidetu behar duen errelatoa sortzea. Eta bestetik, estatu zapaltzailearentzat mehatxu garen mugimenduok jazartzea eta zuzenean desagerraraztea edo estatuek ezarritako baldintzen arabera aritzeko otzantzea. Baina zapalkuntzak dirauen bitartean, batek loturik dirauen bitartean, jazarpena eguneroko ogia eta errealitatea den bitartean, argi izan behar dugu estatuek beraien makinaria errepresiboa baliatuko dutela Euskal Herriko mugimendu iraultzailearen aurka.

Beraz, Euskal Herriaren klase eta nazio zapalkuntzak dirauen bitartean, amnistiaren aldeko borroka ez da hautazko aukera izango, derrigorrezko hautua baizik. Askapenerako halabeharrezko baldintza dena, amnistiaren aldeko borrokak Euskal Herri Langileak aurrera daraman borroka zilegitzea aldarrikatzen duelako. Amnistiak euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen askatasuna suposatzen duelako. Baina batez ere, amnistiak independentzia eta sozialismoaren ateak parez pare irekitzeko Euskal Herri Langilearen zapalkuntzaren gaindipena suposatzen duelako.

Ez gara jaio zapalkuntzaren baitan apurrengatik borrokatuta hobeto bizitzeko, zapalkuntzarekin amaitzeko baizik. Eta argi dugu bide horretan gure esku dagoen guztia egingo dugula, Euskal Herri independente eta sozialista lortu arte, garaipenera arte!

ASKE antolakundeak 2026ko Estropadetan plazaratutako irakurketa