ASKE antolakundeak 2026ko Amnistia Egunean plazaratutako irakurketa
Berriro ere azaleratzen ari da biolentzia poliziala gurean. Euskal Herrian, ez dugu atxiloturik, karga polizialik, etxegabetzerik edo sarekadaren albisterik ez duen asterik. Gainera, goranzko joera hau gero eta gordinagoa bilakatzen ari da. Azken hilabeteko hamaika kasu aipa genitzake, baina aurreko esaldia entzutearekin nahikoa da segituan irudiak burura etortzeko. Eta hori ere bada jazarpenaren helburua.
Gaurko egunean, poliziaren funtzio sozialaz eta honek erabiltzen dituen arma ez hilgarrien inguruan hausnartu, eztabaidatu eta aztertzeko aukera izan dugu Amnistia Egunean. Kontuan izan behar dugu, ordea, jazarpena ez dela poliziara edo honen biolentziara mugatzen. Jazarpena ertz ezberdinak dituen eta haien artean elkarlanean diharduten makinaria da. Gauzak horrela, makina errepresibo honen baitan kokatu behar dugu biolentzia poliziala ez ezik, honen ostean etortzen den jazarpen juridiko edo administratiboa ere, azken bi hauei gizartearen begietan zilegi izateko eta onespena edukitzeko jazarpen kultural eta politikoak egiten dietelarik bidea. Izan ere, lehenengoak, estatuaren bitartez eratorritako biolentzia eta jazarpena naturalizatzeaz gain, hau gizartearen partetik birproduzitzea eragiten du, eta bigarrenak, jazarriarekiko kriminalizaziorako orubea ondu, hau desprestigiatuz edo zuzenean deshumanizatuz.
Ildo horretatik, espainiar zein frantziar estatuek militantzia politikoaren aurkako jazarpen zuzena berraktibatu dute azken urteetan. Hau ez da kasualitatea, ordea. Izan ere, estatu kapitalistak krisi betean daude, eta krisi honen ondorioak Euskal Herri Langileak pairatuko ditu bete-betean. Batetik, bizitzaren garestitzearen eta prekarizatze orokorraren bitartez eta, bestetik, estatuak jada indartzen ari diren autoritarismoaren bitartez. Beraz, krisiaren aurrean estatuek hartuko dituzten neurriek Euskal Herri Langilearen azpirazioa eta honi eusteko jazarpenaren areagotzea ekarriko dute.
Hala ere, egoera hau latza eta gordina bilakatu arren, Euskal Herriko langile klasearen antolakuntzarako baldintzak biderkatuko ditu, bere prestutasun iraultzaile bilakatuko den heinean. Mehatxu erreala bezain arriskutsua da estatu espainol eta frantsesarentzat zein euskal burgesiarentzat. Eta, hain zuzen ere, hori buruan daukaten bitartean ari dira prestatzen estatu zapaltzaileak, militantzia politikoaren kriminalizazioa sustatuz, prozesu penal zein administratiboak irekiz, sarekadak eginez edo protestak bortizki jazarriz.
Hori guztia gutxi ez balitz, Euskal Herri Langilearen potentzialtasun iraultzailea anulatzeko, honen baitan barne gatazkak sustatzen dabil estatua, etsaia barruan dagoela sinestarazi nahian. Horrela, soberazko langile gisa kontsideratzen dituzten horien kontrako gorrotoa eta bazterketa sustatzen dute, horren bitartez diskurtso arrazistak hedatzea dutelarik helburu. Batetik, poliziak etorkinen eta kale egoeran dauden pertsona hauen aurka daraman biolentzia begi onez ikusteko eta, bestetik, gizartea hauen aurkako jazarle aktibo bilakatzeko. Horrela, langile klaseak bizi duen egoeraren erantzule gisa burgesak seinalatu beharrean, langile klasearen sektore prekarizatuena seinalatzen dute.
Egoera errepresibo honen guztionen aurrean, ez da nahikoa erantzun mobilizazioak egitearekin, ez da nahikoa kasu zehatz baten aurkako dinamika isolatuak martxan jartzearekin. Gero eta handiagoa den eta gero eta gogorrago kolpatzen duen makinaria errepresibo baten aurrean, Euskal Herri mailan jardungo duen tresna politiko antierrepresibo baten beharra daukagu. Halaber, tresna honek antolakuntza eta proiektu integral baten parte izan beharra dauka, errepresioaren aurrean estrategia iraultzaile osotzeko bidean.
Horrenbestez, errepresioa gainditzeari begira, amnistia izan behar dugu ipar. Izan ere, amnistiak, ikuspuntu estrategiko batetik, Euskal Herri Langileak pairatzen duen jazarpenaren gaindipena ez ezik, hau iraganeko kontua izateko baldintzak errotzea ere suposatzen du. Euskal Herri Langileak aurrera daraman borrokaren zilegitasuna aitortuta, independentzia eta sozialismoaren erdiespenerako bidean, halabeharrezko baldintza izateaz gain, Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalketaren gaindipenerako bermea da.
Bide horretan, ASKE antolakundetik lehendabiziko pausoak ematen hasiak gara jada. Jakin badakigu bidea ez dela xamurra izango, luzea eta malkartsua izango baita. Baina Euskal Herriaren erabateko askapenaren bidean, independentzia eta sozialismoa helburu izenik, hauek egikaritzeko beharrezkoa den borrokaren bidera batzeko deia luzatzen diogu Euskal Herri Langileari.
Amnistia osoa!



