Adi! Kamerek hemen kontrolatzen zaituzte
293 dira polizia munizipalak Iruñean dituen kamerak: horietako 220 "segurtasunerako" aitzakiapean jarritakoak eta beste 73 trafikora bideratutakoak. Baina zer testuingurutan ematen da kameren presentzia hau Iruñeko txokoetan? Zein da kamera hauen benetako funtzioa?
Kamerak segurtasunaren aitzakiarekin kontrol soziala areagotzea eragiten duen mekanismoa dira, eskubide politikoak murriztea xede duena. Izan ere, kamera hauen bitartez, estatu zapaltzaileek haien “orden soziala” arriskuan jar dezaketen sektoreak kontrolatzeko bidea zabaltzen dute, sektore hauek kriminalizatuz eta, horrela, hauen kontrola eta jazarpena guztiz justifikatuz.
Hori guztia kontuan izanda, mekanismo hauek beharrezkoak dira burgesiarengandik kanpo dauden eta Euskal Herri Langileak egunerokotasunean erabiltzen dituen guneen kontrola, jazarpena eta monitorizazioa aurrera eramateko. Estatuarentzat eta sistemarentzat dena kontrolpean eta ongi lotuta edukitzea ezinbesteko baldintza da, beraien instituzioetatik kanpo dagoen antolakuntza potentzial oro deuseztatzeko eta mehatxutzat jotzen duten ororen aurka egiteko. Horiek horrela, beharrezkoak diren bitartekariez hornituz, ordenaren nahiz bake sozialaren izenean mozorrotuz eta jazarpena normalizatuz, zilegituz eta areagotuz, gune politizatuen eta militante politikoen aurka jotzen dute sistematikoki.
Alta, Euskal Herri Langilearen mesedetan jarduten duten proiektu politikoak eta militante oro neutralizatzeko bidean, erabateko kontrolaren sentsazioa eta giroa sortu nahi dute, edozein dinamika politiko ito, baldintzatu edota garatzea ekiditeko, biolentziaren monopolioan sakonduz. Beraz, argi eduki beharko dugu, Iruñean ez ezik, Euskal Herriko txokoetan ere aurkitu ditzakegun kamerek ez dutela segurtasuna areagotzen, txakurren jazarpen lanak errazten baizik. Izan ere, horien funtzioa estatuaren eta burgesiaren mesedepean diharduten borreroen jardunari laguntzea da. Gainera, horrelako segurtasun neurrien normalizazioak eta areagotzeak txakurren presentzia indartzea, hauen jazarpen jardunak zilegitzea eta euren izatea zuritzen duten estrategian aurrerapausoak ematea dakar.
Hortaz, guri dagokigu kamera hauen zein kamerak kontrolatzen dituen poliziaren funtzio soziala agerian uztea eta konfrontatzea, horrelako segurtasun neurrien normalizazioaren eta areagotzearen aurka egitea dagokigun bezala. Gure esku gelditzen da ematen ari den militarizazioa salatzea eta honen aurka egiteko baliabideak sortzea, gure ardura baita, amnistiaren bidetik jazarpenarekin bukatzeko, etsaiaren biolentziaren monopolioarekin bukatu behar duen egoera borrokatzea.
POLIZIAREN BORTIZKERIAREN AURREAN, EUSKAL HERRI LANGILEA BATU!
