Zaballako espetxe martxaren isunen inguruan eta Amnistia Egunaren inguruan, Argiak egindako elkarrizketa.

“...poliziak gizarte kapitalistan betetzen duen funtzio soziala bera da kolokan jarri eta irauli behar dena”

Zaballako espetxe martxaren isunen inguruan eta Amnistia Egunaren inguruan, Argiak egindako elkarrizketa.
2026ko ekainaren 3an

Ez dira sasoi errazak ‒inoiz izan direnik ere‒ errepresioa salatu, amnistia aldarrikatu edo poliziaren aurrean jartzeko: kolpeak, foam balak, borrakadak, isunak, zigor penalak... Hamarnaka kasu ezagutu ditugu azken urtetan. Bingen Zupiria barne sailburuak aipaturiko “garai zaharren ‘tik’-ak”, beharbada.

**Zaballarako martxa gabonetan ** Ohikoa izan da gabonetan espetxean dauden euskal preso politikoekin gertutasuna adierazi nahia. Zaballako espetxera martxa antolatu zuen Askek 2023ko abenduaren 30ean. "Ertzaintzek kolpeak jo, heriotz-mehatxuak egin, iraindu eta isunak jarri zizkiguten”, kontatu dute Baldak eta Loizagak. Hain zuzen ere, bertaratu zen pertsona bakoitzari 1.200 euroko isuna jarri zieten, guztira 128 lagun izan ziren, 153.600 euro, beraz. Salaketa “autoritateari desobeditzea, desordena publikoa eta jakinarazpenik egon ez izana” izan zen. Tartean, egun horretan espetxean bisita zuten senide-lagun batzuei ere isuna jarri zieten ertzainek.

“Batetik, ‒diote‒, mugimendua isunen bidez itoarazi nahi zuten, eta ardurak indibidualizatu. Guk modu kolektiboan helegitea jarri, eta ez ordaintzea erabaki genuen”. Helegitea administrazioarekiko auzi-prozesuan sartu zen Gasteizko epaitegietan, eta emaitza behin betikoa hauxe: 96,480 euroko isuna, bi aretok isunak ontzat jo eta beste bik isunak baliogabetu ondoren.

Zer pentsatua eman zezakeen hurrengo gabonetan zer egin, eta, oro har, Askeren beraren jardunbideaz. Loizaga eta Baldak adierazi dutenez: “Hurrengo bi urtetan ere joan gara Basaurira eta berriz Zaballara: beti ere poliziaren presentziaz, droneak, helikoptero bat, miaketak, filmaketa, tentsioa... Finean, martxa egiteari uztea nahi dute”. Horrez gain, isunei aurre egiteko eta euren mezu politikoa zabaltzeko “Elkartasuna ez da delitua” dinamika martxan jarri eta honen baitan jaialdi eta elkartasun egunak egin dituzte.

Gaineratu dute martxa horien kontrako jazarpena ez dela kasu isolatua: “Hortxe dago ongi etorrien kontrako jazarpena ere, orain ekainean, hamasei pertsonaren kontrako makro-epaiketa bat izango da Espainiako Entzutegi Nazionalean Berangon ongi etorri bat antolatzeagatik. Urte luzez espetxean egon ondoren, askatasuna berreskuratu eta ongi etorri bat egitea kriminalizatu nahi dute. Aurrekari arriskutsua da. Ertz ezberdinetatik euskal preso politikoen sostengu-lana jazartzen ari dira”.

**Mozal legea indar betean ** Madrilgo gorteetan onartu zuten 2015ean Mozal legea, PP-ren gobernuaren ekimenez. Egun, PSOEko Pedro Sánchez dago gobernuburu Madrilen, María Chivite PSOEkoa Nafarroa Garaian eta Imanol Pradales EAJkoa, PSOEren babesarekin, EAEn. Bai PSOEk, bai EAJ-k adierazi dute Mozal Legearen kontrako jarrera. “Pedro Sánchezena ‒diote– inoizko gobernurik progresistena omen da, esan esan zuten legea indargabetuko zutela, EAJ-k ere adierazi izan du aurkakotasuna eta helegiteak jarri dizkio. Madrilen legea indargabetu ez, azkenean, erreforma bat egitea proposatu dute, oraindik aplikatu ez dena, poliziaren egiatasun printzipioari beti ere eutsiz. Printzipio horren bidez, polizia batek ez du, adibidez, unean bertan pertsona bat ustez delitu bat egiteagatik zertan gelditu edota atxilotu. Nahikoa du ondorengo identifikazio bisual bat egitea pertsona bati delitu bat egozteko, hau da, ‘ikusi dugu bertan egon zinela eta delitu hauengatik salatzen zaitugu’”.

2022an, Europako Kontseiluak eta Dunja Mijatović Giza eskubideen gaineko komisarioak gutun baten bidez, adierazi zion Espainiako Gobernuari Mozal Legeak pertsonen adierazpen askatasuna eta manifestatzeko eskubidea urratzen dituela.

11 urte joan dira Madrilen PPk legea onartu zuenetik, Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Foruzainek milaka isun eta zigor ezarri dituzte EAEn eta Nafarroan harrezkero. “COVID pandemiaz gero, gainera, areagotu egin dira isunak”, diote Baldak eta Loizagak, eta “modu honetan zarata handirik gabe herri mugimenduak kolpatu eta itoarazi nahi dituzte. Ez da zuzeneko bortizkeria poliziala bezain gogorra”.

Poliziaren “gehiegikeriak”...

Gehiegikeriak eta gehiegitan. Izan ere, poliziaren indarkeria ere ez da indargabetu. Euskal Herri osoko kasuak zerrendatu dituzte Baldak eta Loizagak: “Flotilla-ko ekintzaileei Loiun poliziak emandako jipoia, egun horretan bertan Alaveseko zaleek pairatutakoa Mendizorratzarako bidean, Falange Gasteiza etorri zenekoa, Vito Quiles Iruñera joan zenekoa eta Osasunako jarraitzaileei Sadarren emandako jipoia, Baionan Jardun koordinadorako hiru kide atxilotu, negar gasa bota eta hainbat zauritu eragin izana, Tolosako inauterietan Xuhar Pazosek pilotakada baten ondorioz begi bat galdu izana, Realaren partidaren atarian Amaia Zabarte konorte gabe utzi eta lurrean zela ostiko bat eman izana, etxebizitza sindikatuen kontrako errepresioa... Ez dira kasu isolatuak".

Zentzu horretan, azpimarratzen dute, “herritarrek dugun babes eta salaketarako tresna nagusia poliziaren erasoak filmatzea da. Ez baduzu filmatzen ez dira existitzen”. Biek ikusten dute badela gizartean poliziaren indarkeriaren kontrako jarrera, baina: “Norabide egokian jarri behar da aurkakotasun hori, eztabaida eredu polizialean jarri ordez, poliziak gizarte kapitalistan betetzen duen funtzio soziala bera da kolokan jarri eta irauli behar dena” diote.

**... eta presentzia ** Zenbait aldiz, poliziaren beraren presentzia bera da soberan dagoena Loizaga eta Baldaren ustez: “Badago segurtasuna poliziaren presentziarekin lotzen duen pentsamolde bat. Hau gezur handia da, poliziaren presentziak edo presentzia handiagoa egoteak ez du segurtasuna handiarazten, aitzitik, poliziak pertsonen eskubide zibil eta politikoak urratzen ditu sistematikoki, eta guk uste ‒Loiuko gertakariak edo Alavesekoak adibidetzat hartuta‒ agerian geratzen dela hamaika harrera ekitaldi egin direla bai flotillako kideak heldu direnean, bai Alaveseko partidetan, inongo arazorik gabe, eta, aldiz, oraingo hauetan istiluak polizia bertaratu izanarekin eta hauen jarrerarekin lotzen direla”. Erantsi dute Bingen Zupiriak istiluak Palestinaren aldeko aktibistek eragin zituztela adierazi zuela-eta: “Probokazioa dena da entitate sionistak atxilotu eta torturatutako pertsonen harrera herrikoian entitate sionistarekin harreman militarrak dituzten gorputz polizialak bertan egotea”. Horrez gain, salatu dute, Zupiriak esandakoen haritik ‒sua bizirik mantendu nahi duten elementuak badaudela oraindik ere‒, “sua bizirik mantentzea bortizkeriaren bidez etxegabetzeak gauzatzea, langile klasearen protesten kontra oldartzea eta militantzia politikoa jazartzea da... Horiek mantentzen dute sua bizirik eta are biziagoturik”.

Horregatik, uste dute Euskal Herrian langile klasearentzat “sistematikoa den errepresio politiko guzti horren kontra tresna politikoa gorpuztea beharrezkoa dela, eta zentzu horretan ulertzen dugu Aske antolakundea. Gure helburua da herritarrei errepresio horri aurre egiteko baliabide hobeak eta eraginkorragoak eskaintzea”.

Ekainaren 6an Amnistia eguna Durangon

Hain zuzen ere, aurtengo edizioan “poliziak gizarte kapitalistan betetzen duen funtzio soziala” aztertuko dute Mark Neocleus eta Ivan Montemayorren eskutik, eta, bestetik, arma “ez hilgarriak” izango dituzte hizpide, “arma hauen jatorria, helburua eta zergatia aztertzeko”. Horretarako, Jon Pazosek ‒Xuhar Pazosen aitak‒, Iker Aranak ‒aurtengo otsailean Bilbon foam bala batek zauritu eta barrabil bat galdutakoak‒, eta “Stop pelotas de goma” eta Aske antolakundeko kide banak parte hartuko dute mahai-inguruan. Loizaga eta Baldaren arabera, “beharrezkoa da poliziaren gaineko kritika sakona egitea, eta, bide horretan, amnistiaren aldarrikapena estrategikoa da.”

Egunaren bukaeran, “Errepresioaren aurrean, amnistia osoa” lemapean, manifestazioa egingo dute Durangoko kaleetan.