ERREPRESIOAREN AURREAN AMNISTIA OSOA!

2026ko maiatzaren 11n

Sistema kapitalista krisi betean murgilduta dago. Krisi hau, batetik, kapitalismoak bere baitan dituen barne kontraesanak bultzatua izan da eta, bestetik, kapital metaketak behartutako gerra inperialistaren eraginez azkartua. Krisiak, langile klasearen pobretzea eta bizitzaren garestitzea eragiteaz gain, estatu zapaltzaileek euren makinaria errepresiboa indartzea eta autoritarismoaren areagotzea suposatzen du. Izan ere, argi ikusten ari gara azken urteotan, estatu kapitalistak beharrizan ekonomikoak murrizten ari diren bitartean, gastu militarra goranzko batean dagoela.

Estatu kapitalista sasidemokratikoek aurrekontu militarrak baliatzen dituzte kolore ezberdinetako polizien leialtasuna bermatzeko, gero eta zilegitasun gutxiagoren eta barne protesta gehiagoren aurrean beraien irudia mantendu ahal izateko, arma errepresibo sofistikatuagoak eskuratzeko eta, azkenik, disidentzia politikoa zokoratzeko. Horrela, protesta eta militantzia politikoa are gehiago jazartzeko baliabidez hornitzen dituzte poliziak.

Gauzak horrela, eztabaida politikoaren erdigunean kokatu behar dugu poliziaren auzia. Izan ere, badira estatu zapaltzaileen gobernuan direnak eta poliziaren praktikak modu itsuan defendatzen dituztenak. Bestalde, badira estatu kapitalistek sortutako instituzioetan gobernatzea helburu dutenak eta poliziaren bortizkeria ardi beltz batzuei leporatzen dietenak. Arazoa ez datza, ordea, polizia mota baten edo bestearen artean, egun indarrean dagoen gizarte kapitalista honetan poliziak betetzen duen funtzio sozialean baizik.

Polizia honen funtzio soziala jazarpenaren bitartez statu quoa mantentzea eta Euskal Herri Langilearen desmobilizazioa sustatzea da. Horretarako, militantzia politikoaren aurkako kriminalizazioa sustatzeko eta gizartean beldurra hedatzeko beharra dute. Logika horretan kokatu behar ditugu poliziak gero eta gehiago baliatzen dituen ustezko arma ez hilgarrien auzia. Alta, hauek ez hilgarriak izatearen baieztapena bera kontraesanean sartzen da, hauek sortzen dituzten ondorioekin. Euskal Herrian ez dira gutxi honekin lotuta ditugun adibideak eta, gainera, azken hilabeteetan indartu eta larritu egin dira arma mota hauen ondorioz zauri sendaezinak pairatu dituzten pertsonak.

Egoera horren guztiaren aurrean, beharrezkoa dugu gai hauen inguruan hausnartzea, eztabaidatzea eta posizio politikoak finkatzea. Horretarako, aurtengo amnistia egunean, batetik, poliziak gizarte kapitalistan betetzen duen funtzio soziala aztertuko dugu, Mark Neocleus eta Ivan Montemayorren eskutik, eta, bestetik, arma “ez hilgarriak” izango ditugu hizpide, arma hauen jatorria, helburua eta zergatia aztertzeko. Horretarako, Jon Pazos, Iker Arana, “Stop pelotas de goma” eta ASKE antolakundeko kide batek parte hatuko dute mahai-inguru batean. Horretaz gain, egunean zehar jorratuko ditugun auzi zehatz horien gaindipena aldarrikatzeko, egunaren amaieran, “errepresioaren aurrean, amnistia osoa” lemapean, manifestazioa burutuko dugu Durangotik barrena.

ERREPRESIOAREN AURREAN AMNISTIA OSOA!