JARKI antolakunde iraultzaileak 2025ean antolatutako Espainiar Konstituzio Egunaren aurkako manifestazioko hitzaldia
Abenduaren 6an sarritan egon ohi da iraganera jotzeko tentazioa, aski eta luze aritu baikintezke Espainiar Konstituzioaren jatorriaz. Baina, gaurkoan, Euskal Herriaren etorkizunari erreparatzeko gaude hemen. Izan ere, zeintzuk dira Euskal Herriko langileok klase eta nazio zapaldu gisa eskura ditugun alternatibak? Zelan egikari ditzakegu gure erabaki eta borondatea? Zelakoa da benetan igurikatzen dugun Euskal Herria?
Horiek dira JARKI antolakunde iraultzailetik funtsezkotzat jotzen ditugun galderak. Eta argi daukagu hauen erantzunak ez daudela eta ez direla inolaz ere igarotzen, bai frantziar, bai espainiar estatuek Euskal Herrian inposatzen dituzten lege eta instituzioetatik. Eta, hortaz, hauek sostengatzen dituzten konstituzioek ez daukatela izaterik Euskal Herrian, inposizioaren ikur eta tresna izatetik haratago. Izan ere, etsaiak argi dauka eta behin eta berriz erakutsi digu bere proiektu politikoaren gauzapena Euskal Herriaren sumitze eta asimilaziotik igarotzen dela. Euskal Herriko langileon odolez eta izerdiz eraikiak baitira frantziar eta espainiar estatu kapitalistak. Euskal Herriaren izaera nazionalaren ukazioaren bitartez gorpuzten da euren borondate nazionala, Euskal Herriak ez baitauka lekurik eurentzat, ezta termino geografiko gisa ere. Eurek ondo baitakite Euskal Herri Langilearen aberria mehatxua dela euren existentziarentzat.
Hori dela eta, gogor aritzen dira, tematuta, politikoki aitortu nahi ez dutena baztertu eta jazartzeko orduan, Euskal Herria, izaera historizistetako irakurketetatik haratago, inoiz baino biziago eta indartsuago dagoen izaera politikoko kontzeptua baita. Hamaika konstituziok, epaitegik eta politikok ezabatu ezingo dutena. Euskal Herriaren egikaritzetik igarotzen baita Euskal Herri Langilearen etorkizuna. Eta berau izan behar da gure klase zein nazio askapenari begirako xedea.
Eta hori ez da lortuko, inolaz ere, egun Euskal Herrian indarrean dauden estatuon mesedepeko boterea eta ordena auzitan jarri gabe, ezaren gudaz egin behar baitu aurrera Euskal Herriko Alternatiba Iraultzailearen, hau da, Euskal Herri Langilearen alternatibaren bideak. Euskal Herria azpiraziora kondenatzen duten borreroen izaera haundi-maundia eta jazarleen nagusitasuna ditugu gainditu eta borrokatu beharrekoak.
Eta behin eta berriz errepikatu eta ozen esango dugu apurketa dela Euskal Herri Langileak daukan hautu bakarra, auzia ez baitatza apurketan ala erreforman, borrokan ala konformismoan, kontraboterean ala instituzionalismoan. Ez baitago dikotomiarik langileontzat. Argi dago Euskal Herriko zapalduon etorkizuna zapaltzen gaituztenon errauts eta hondarren gainetik eraikia izango dela, apurketa baita eraikuntzari begira dugun baliabide bakarra. Konfrontazioa da Euskal Herriko Langileon proiektu politikoaren gauzapenerako oinarri izan behar den tresna. Logika hori geure eginda bakarrik gaindituko ditugu inposatzen dizkiguten markoak, erreformismo eta instituzionalismotik planteatzen diguten alternatiba faltsuei muzin eginda, eta hauek benetan Euskal Herri Langilearentzat suposatzen dutena biluztuz.
Espainiar eta frantziar estatuok inposatutako erregimenaren suntsiketa barik, ezinezkoa izango da Euskal Herri Langileak propioak izan behar dituen instituzioen eta honi bide eman behar dioten independentziaren eta sozialismoaren eraikuntza. Izan ere, botere politikoa ez da estatuek errazten dizkiguten hondarretan oinarrituz gauzatuko. Euskal Herriko langileok apurketa geure egin, eta printzipio zein ipar izanda eraikitako kontrabotere eta espazio propioen, alegia, benetan askeak diren Euskal Herriko langileon menpeko esparruetatik emango da Euskal Herri Langilearen botere politikoaren errotzea.
Argi dugu, beraz, zein den bidea. Argi izan behar dugu borrokatzea ez dela hautua, zapalketari, ukazioari, zapaldutako nazio baten parte diren langileon azpirazioari aurre egiteko beharrezko baldintza baizik. Zeren zain gaude, beraz, Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeari ekiteko? Edozein antolakunde politiko baino handiagoa baita Euskal Herriko langileok beharrezkoa dugun proiektu politikoa. Baina argi izan antolakuntza politikorik gabe, alternatiba iraultzailerik gabe, ezinezkoa suertatuko dela askapenera eraman behar gaituen ibilbide luzea jorratzen hastea. Hamaika baitira aurrean izango ditugun oztopo eta arerioak. Baina hamaika dira, men egin eta etsituta egon beharrean, aurrera egin eta bidea egiteko arrazoiak ere.
Hortaz, apur ditzagun langileon lepoa tenkatuz ditugun kateak, apur ditzagun Euskal Herriaren nazio izaera estaltzen duten ateak eta ireki dezagun, behingoz, Euskal Herriaren askapena ahalbidetu behar duen bidea.
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herri sozialista!