Gerra inperialistaren eta miseriaren erantzuleak!

2026ko apirilaren 28an

Armen indarrez eraikitako ordena eta hauen bitartez inposatutako bakea da kapitalarena, bortizkeria baitu oinarri burgesiaren botereak. Horrela, bortizkeria eta gerra baliatuta oinarritu dute estatu kapitalistek euren nagusitasuna. Demokraziaz eta elkarbizitzaz ari direnean, Euskal Herri Langilearen sumitzeaz, burgesiaren zuzeneko diktaduraz eta euren negozio ustelekin bakean eta eragozpen barik jarraitzeaz ari dira. Langileok elkarren aurka euren gerretan aritzera behartuta, hauen arteko banaketa sustatuz eta gure azpirazio zein suntsiketarako tresnak erabiltzera bultzatuz.

Horretaraino ailegatu da egungo Euskal Herri Langilearen zapalketaren muinean aurkitzen dugun alienazioa. Etsaiaren ideologia eta armak geure eginez, internazionalismoa, elkartasuna eta klase kontzientzia bazterrean utzita. Euskal Herri Langilearen alienazioa sustatuta eta baliatuta, arretarik deitu gabe bai, baina ezkutatzeko beharrik ez duen jarduera da heriotzaren salerosketa, egunerokotasunean ikusi edota jabetu nahi ez dugun errealitatearen babespean.

Hala ere, hor daude bizitzak eta herriak birrintzeaz bizi direnak, burgesia eta bere borreroen inperatibo etiko eta moral bakarra negozioa eta mozkina baitira. Kapitala dute aberri bakarra. Eta horrela, militarizazio uholdean, ezin dugu ahaztu Euskal Herrian militarizazio egoera aspalditik inposatutako errealitatea dugula. Izan ere, alde batetik, Europako biztanleko txakur kopuru handienetarikoa duen guneetako bat izanda, gure kaleak armez hartuta daude. Eta, bestetik, ekoizpen arloan inperialismoa armez hornitzearen eta hau elikatzen duen gerraren negozioaren kontura bizi diren hainbat armagintza enpresen egoitza dugu Euskal Herria.

Horrenbestez, protesta kriminalizagarria eta erabat arbuiagarritzat jota kondenatua izatea merezi duen ariketa den bitartean, frantziar eta espainiar estatuetan, armena, legez kanpoko trafikoa izan beharrean, isilean baina betiere estatuon onespen eta babesarekin burutzen den negozio zilegia da. Legezkotasunaren baitan normaltasunez garatzen den jarduera ekonomikoa, alegia. Izan ere, burgesen interesak babesteko eta sustatzeko idatziak dira frantziar eta espainiar estatu okupatzaileen legeriak. Eta kondenez ahoa betetzen zaien bitartean, demokraziaren jagoletzat euren burua duten horiek, erabateko zinismo eta hipokrisia ariketan, gerraren negozioa Euskal Herrian ernatzea eta garatzea uzteaz ez ezik, hauen hobarien kontura bizi dira. Gerrarena, inperialismoaren aroan, kapitalaren babespean eta honen mesedepean, oso errentagarria suertatzen den negozioa da. Txikizioz, miseriaz eta odolez eutsitako negozioa, etikarentzako lekurik uzten ez duena. Heriotza edo suntsiketa graduaren eraginkortasunean neurtzen dute euren produktua.

Baina ez dago hau defendatzerik, isildu eta beste aldera begiratzea besterik. Bakarra da armagintzak ekoiztutako produktuaren erabilgarritasuna, odola eta triskantza. Honi uztartuta doaz burgesiak eta inperialismoaren zerbitzupeko estatu kapitalistek honetaz egiten duten erabilera ekonomiko, sozial eta politikoa. Horrela, politikari eta instituzioen hitz makur eta hutsen balioa euren neurri etikoaren berdina da: hutsaren hurrena. Eta antzua da hauekiko eztabaida edota arrazoiketa, Euskal Herriko etsairekin konfrontazioa delako izaera kualitatiboko aldaketak lortu eta Euskal Herri Langilearen askapenean aurrerapausoak emateko aukera bakarra. Gainerakoak heriotza eta miseriatik etekina lortzen dutenen jarduera zilegi dela aditzera ematen duten jarrera eta polemika antzuak baino ez dira.

Gerra inperialistaren eta miseriaren erantzuleak!