Martxoaren 17an, Euskal Herri Langilea greba orokorrera!
JARKI antolakunde iraultzaileak martxoaren 17ko greba orokorra dela eta egiten duen irakurketa.

JARKI antolakunde iraultzaileak Hego Euskal Herrian martxoaren 17an deitutako greba orokorrarekin bat egin, eta honetan era aktiboan parte hartzera deitzen dio Euskal Herri Langileriari. Greba honek Euskal Herria bere osotasunean aintzakotzat hartzen ez duen arren, Hego Euskal Herria azpiratuta mantentzen duen espainiar estatuak inposatutako banaketa administratiboa gaindituz ematen da hau. Ildo horretatik, Euskal Herriari begirako klabe nazionaleko alternatibak eraikitzeko garaian, aurrerapauso gisa ulertu behar dugu. Izan ere, nahiz eta grebaren eskari zehatzak Euskal Herri Langileriaren estratu txiki bati erasaten dion, estratu hori da, hain zuzen, bere egoera kaskar eta zaurgarriena izateagatik antolatzeko eta bere eguneroko bidegabekeriei aurre egiteko zailtasun handienak dituena.
Gauzak horrela, Martxoaren 17ko greba, Euskal Herrian miseria eta prekarietatea era gordinenean pairatzen dituztenen beharrizan eta interesak lehen lerroan jarrita, langile elkartasun eta batasun printzipioen pean oinarritutako greba dugu. Ez gaude prest iluntasunean daudenak ahaztea nahi dituzten kideak euren zortera botata uzteko. Kapitalisten eta patronalaren menpe, hauen nahieran bizi direnen aldarrikapenak eta errealitatea Euskal Herriko langile guztion borroka eta ortzimuga bilakatu behar ditugu martxoaren 17an. Greba honen helburuen erdiespenak aurrerapausoa suposatuko du gutxi batzuentzat ez ezik, Euskal Herriko langile ororentzat ere.
Argi daukagu grebaren bitartez ez dela izaera integraleko aurrerapausorik erdietsiko, baita greba honek ez diola amaierarik jarriko Euskal Herriko langileok pairatzen dugun zapalkuntzari ere. Dena den, are argiago daukagu grebak Euskal Herri Langileak bere askapenari begira kolpez kolpe eraiki beharreko ibilbidea egiten jarraitzeko baldintzak errotzen lagunduko duela. Greba honek arrakala bat suposatu behar du espainiar zein euskal burgesiaren nagusitasunari dagokionez, Euskal Herri Langilearen antolakuntzarako gaitasunak bere horretan irauteaz haratago, kapitalari oraindik ere aurrerapen sozialak lapurtzeko gai izaten jarraitzen baitu.
Hala ere, ez gara sindikalismoaren eta izaera partzialeko borroken erromantizazioan eroriko. Euskal Herriko mugimendu iraultzaileak independentzia eta sozialismoa izan behar ditu azken jomugatzat bere proiektu politikoa eraikitzeko orduan, hauetan oinarritu behar baita Euskal Herri Langileak pairatzen duen azpirazioari aterabidea eman behar dion izaera integraleko alternatiba. Baina egunerokotasunean Euskal Herri Langileak kapitalaren partetik lepoan duen botaren zama arindu eta honi arnas eman diezaioketen borroka esparruak ezinbestean jorratu beharrekoak suertatzen dira mugimendu iraultzailearentzat. Nimiñoa iruditu lezakeen gutxieneko soldataren lorpena bestelako borroka esparruak irekitzeko eta langile antolakuntzaren bitartez oraindik eskuratzeko ditugun garaipenentzako beta izan behar da. Kapitalaren horman areagotuz doan pitzadura, borrokan sakontzeko baldintzak sortuz joan behar dena. Erreformismoa baztertuta, langile antolakuntza eta kontraboterearen bitartez eraikiko dira langileon garaipenak.
Bide horretatik, Martxoaren 17ko greba Euskal Herri Langilearen sektore prekarizatuenen antolakuntza ahalbidetzeko eta, aldi berean, Euskal Herri Langile guztiaren kontzientziazio eta aktibaziorako tresna izan behar da. Era horretan, zapaldu, ukatu gaituzten estatuen partetik inperialismoa elikatu eta gerrarako prestatu eta armatuta iluntasunean murgildu nahi gaituzten horien aurrean, greba hau Euskal Herriko Langileok benetako greba, alegia, klaseen arteko greba euren ateetara eramateko prest gaudela argi uzteko eguna dugu. Langileon miseria, hauen pobretzea areagotuz, gure lan baldintzak kaskartuz, lepoa inguratzen digun soka tenkatzen duten bitartean, euren mozkinak eta hobariak sostengatu eta handitzeko xede bakarrarekin. Euskal Herri Langilearen alternatibak bere askapena eta antolakuntzaren eskutik, inposatzen diguten ordena ukatuz eta honi aurre eginez egikaritu behar den apurketa gorpuztu behar du.
Horregatik guztiagatik, JARKI antolakunde iraultzailetik, tokian toki, bakoitzaren herrietan, auzoetan, lantegietan, greba komiteetan antolatzeko eta Martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartze aktiboa izateko deia luzatzen dio Euskal Herri Langileari, ez baita nahikoa ekoizpena gelditzearekin. Antolakuntzaren bitartez egikaritu daiteke bakarrik Euskal Herri Langileriaren askapena.
Martxoaren 17an, Euskal Herri Langilea greba orokorrera!