Ekintzek beste balio izaten dute askotan hitzek. Hauek egingo duguna adierazteko eta egindakoaren zergatia azaltzeko medioa dira. Hitzen bitartez ehundu eta zabaltzen ditugu ideiak. Ez dago hitzik gabe kontzientzia hartzerik. Ez dago hitzik gabeko aldaketa ematerik. Nazioen memorian errotuta geratzen diren aztarnak dira, bai orbain, bai kutun gisa. Hitzezkoak dira errelatoak eta, biolentzia gordinaren kea desagertzen denean, hitzak dira zanpaketarako baliatzen diren tresnak.

Izan ere, hitzari uko egin dakioke edo indarrez, edo beldurrez. Jazarpenak bultzatuta, norbere ideiak ezkutatuta. Edo latzago dena, borreroen pentsamoldean edo hauen onespenaren eskean ibilita, norbere ideiak eta diskurtsoak mugatu, edo zuzenean honi uko egitean. Euskal Herriaren etsaiek armez, errelatoz eta hitzez hornitzen baitituzte euren jazarpen eta azpiraziorako makineria. Hitzek eraikitzeko duten besteko balioa baitute suntsitzeko, ezkutatzeko eta lurperatzeko. Euskal Herri Langilea azpiratzen dutenen errelatoa Euskal Herriaren ehortzea zurkaizten duten hitzak baitira.

Gaur irailaren 27a dugu, Gudari Eguna, alegia. Euskal Herria oinperatzen duten frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herriko langileon memoriatik erauzi nahi duten eguna. Beste batzuek, interes politikoak zein zapaltzen gaituztenoi otzantasuna erakustean hobariak lortu ditzaketela sinetsita, etengabeko desitxuraketan murgildu duten data. Indarrez batzuek, beldurrez besteek. Baina ideian gudan, hitzen demaren muinean, murgilduta dago Gudari Eguna.

Eta ez da harritzekoa. Euskal Herri Langilea ukazioaz nekatuta, azpirazio eta jazarpenaz nazkatuta Euskal Herriaren asimilazio egoera iraultzeko jarkitzen hasten denean agertzen den hitza da gudaria. Etsaiak inposatutako pentsamoldearekin apurtu, euren marko zein arauak gainditu eta askapen borroka hitzetatik ekintzetara igarotzerakoan gorputza hartzen duen figura da gudariena. Ezinezkoa da gudari hitza irailaren 27tik erauztea. Ezin dugu irailaren 27a gudarien borroka barik ulertu. Irailaren 27a, Euskal Herri Langileak bere askapen grina eta borrokarako prestutasunean berresteaz gain, gudarien borrokaren zuzentasuna eta beharrezkotasuna aldarrikatzeko eguna da. Klase eta nazio parametroetan azpiratuta dagoen Euskal Herriaren errelatoa ehuntzekoa.

Izan ere, bere historiaren idazketa ez da berau ukatu, azpiratu eta jazartzen dutenen ahotik etorriko, argi edukita, gainera, hauentzat hitzek balioa galtzen dutenean armak eta biolentziaren monopolioa izango dutela beti azken defentsa lerro eta gotorleku. Etsaiaren hitzak Euskal Herriaren zanpaketarako tresna dira. Baina, okupazio militarra eta instituzio burges zein jazarpen indarren bitartez eraikitzen eta sostengatzen dute frantziar eta espainiar estatuek euren nagusitasuna. Eurentzat erroa ez baitatza arrazoian, indarrez inposatutako boterean baizik.

Euskal Herriaren desagerpenaren ortzimuga atzaparrekin ukitzeko gertu daudela ikusita, oldarraldi beteari ekin diote etsaiek. Paretak estaltzen ari dira. Kaleak mututzen. Ideiak kriminalizatzen. Euskal Herri Langilearen alienazioa baliatzen, asimilazioa areagotu eta bai frantziar, bai espainiar ikurren presentzia normalizatu eta geure egin ditzagun. Euskal Herri Langilearen potentzialtasun iraultzailea indargabetu nahi dute. Hitzak eraikuntzarako lehen mugarria direla jakitun, hauek ideiei bide eman ez diezaieten eta, horrela, ekintzetara igaro aurretiko lehen pausoa deuseztatuta gera dadin. Horra hor Euskal Herri Langileak bizi duen erdibiderik gabeko, hil ala biziko, ataka. Ahanztura ala berrestea. Men egitea ala borrokatzea. Etsaiaren hitzak ala zapalduon ekintzak.

Eta hor datza Euskal Herriko zapalduok, ahaztuok, hartu beharreko erabakia: inposizioa onartu, geure egin eta desagertzea edo antolatu, etsaia konfrontatu eta kontrabotereraren eraikuntzaren bitartez Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren egikaritzea ahalbidetu behar duen alternatiba iraultzailea gorpuztea. Hitzez markatuko baitugu askapenaren ibilbidea, baina ezinezkoa izango zaigu hau gudarien ekintza barik jorratzea. Beraz, izan zirenengatik, direnengatik eta izango direnengatik, jo dezagun aurrera.

Gora eusko gudariak! Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herri sozialista!