Gerra kapitalistek ordain dezatela!
Kapitalaren zuzeneko diktaduran murgilduta bizi gara. Honen menpean gerraren zurrunbilo amaiezinera lotu nahi dute Euskal Herri Langilea. Eta gerra hotsak Euskal Herritik urrun geratzen badira ere, ez da zaila hauen aztarna gure atarira arte luzatzen denaz konturatzea, bakearen eta ordenaren maskarek konplizitatea ezkutatzen baitute. Baina interes politikoetatik haratago, kapitalismo finantzarioaren eskutik dator lotzen gaituen lokarria, hau baita gerra sustatu, finantziazioz hornitzea bermatu eta honetatik etekina ateratzen duena.
Gazako triskantza eta hau hautsera birrinduta utzi ostean, inperialismoak Erresistentzia Ardatzaren aurkako bere oldarraldian murgilduta dirau. Eta Israelek zein Estatu Batuek bonben bitartez euren borondatea inposatzen eta mapa geopolitikoa berritxuratzen diharduten bitartean, oharkabean igarotzen dira bankuek inperialismoaren krimenak hauspotzeko eta hauetatik elikatzeko egunero burutzen dituzten negozioak.
Inperialismoaren borreroek lan zikina egiten duten bitartean, itxuraz eskuak garbi dituztenak, gure egunerokotasunean gure kaleetan normaltasunez eta inpunitate osoz negozioak egiten presente dauden horiek, industria militarraren babesle eta inbertitzaileen txapeldunak dira. Esan bezala, aztarnak atarira arte iristen dira. BBVA, Santander, Sabadell, Kutxabank eta BNP bankuen inguruko titularretara jo besterik ez dugu, hauek armagintzaren sustapenean, arma nuklearren ekoizpenean eta Gazako genozidioaren harira egin dituzten inbertsioak nahiz etekinak zeintzuk diren ikusteko.
Eta nahiz eta egun Euskal Herriko langileria bizitzen ari den bizi baldintzen kaskartze eta pobretze orokortua bere burua defendatzen ari den Irango estatuaren erresistentziaren gain kokatu nahi duten, ardura eta erruduntza publikoa izan arren, alfonbra azpian ezkutatutako informazioa dugu egoera horren muina den egiturazko egoera. Hain zuzen ere, kapitalisten zikoizkeria eta honen mesedepean hauek langile klasea zapaltzeko eta txikiziorako duten prestutasuna.
Ez gaitezen tronpatu. Ez dezagun iruzurra irentsi. Kapitalaren eta honen lepo bizi diren burgesen eskutik ari da gauzatzen Euskal Herri Langilearen miseriaren areagotzea. Izan ere, Gaza, Yemen, Siria, Libano zein Iran suntsitzen ari den inperialismoa da Euskal Herri Langilearen bizi baldintzen kaskartzearen erantzule bera. Eta, horrela, heriotzaren negozioaz bizi diren horiek argi eduki dezatela munduko herri langilearentzat gerra bermatzen duten era berean, eurentzat ere ez dela bakerik egongo Euskal Herri Langilearen partetik.
Gerra kapitalistek ordain dezatela.
