Gerra inperialistaren eta miseriaren konplizeak!

2026ko apirilaren 21ean

Eskubide zibil eta politikoen murrizketaren testuinguruan, askatasun politikoa errotik ezabatzen ari dira. Bide horretan, informatzea ez da aukera ona, negozio errentagarria ez den heinean. Ez da harritzekoa, beraz, Euskal Herriaren sumitzean eta mugimendu iraultzailearen kriminalizazioan zintzo eta beti leial aritu diren hedabideak, kapitalaren krimenen eta inperialismoaren enbataren aurrean isilik geratzetik urrun, hauei laguntzeko lanean aritzea.

Kazetariz mozorrotutako burgesiaren eta kapitalaren mesedepeko bozeramaile baimenduak ditugu Euskal Herriko prentsan lanean. Etika eta informazioa zuhurtasunez eta zehaztasunez ematea baztertuta, harpidetzak, salmenta kopuruak eta instituzio zein enpresekiko harreman onei eustea da euren lehentasunezko kezka bakarra. Kapitalen zerbitzupeko propaganda aparatuak, objektibotasuna eta linea editoriala ipar beharrean, marketing-era eta euren burua zilegitu eta zuritzeko fartsari eusteko terminoak besterik ez direnak. Ugazaben ordenaren eta bakearen izenean, hauen irudia eta ilusioa eraiki eta hauen parametroetako berriak fabrikatzen dituzten morroiak.

Gauzak horrela, manipulazioa da Sud Ouest, Prisa, Vocento, Planeta... bezalako taldeen ogibidea, estatu kapitalisten estrategia jazarlea hauspotzeaz gain, honen makinariaren parte direlarik. Burgesiaren zuzeneko diktaduran beraien agintea zuzenean disimulu barik aurrera daramaten duten bitartean, hedabideek Euskal Herri Langilea zapaltzen dutenen neurrirako errelatoa eraikitzen dute, zapaltzaileen errealitatearen arrakalak josiz. Era horretan, “informatzeko” garaian zapaltzen gaituzten eta beren borreroak zuritu nahiz justifikatzen dituen eta, aldi berean, zapalduak deabrutu eta kriminalizatzen dituzten logika manikeoa baliatzen dute. Izan ere, egia desitxuratuz eta informazio makurren bitartez kapitala eta inperialismoaren jarduna zilegitzen dituzten berriak ekoizten dituzte, hauen krimenak eta erroko izaera ezkutatuz.

Hori gutxi ez balitz, Euskal Herriko klase zein nazio zapalketaren aurka antolatu eta borrokatzen direnen aurkako marko diskurtsibo zein ideologikoa hornitzeaz arduratzen dira, bazterketa eta jazarpena erraztea xede duen giro aproposa sortuz gizartean. Gainera, inposatutako ordenarentzat eta bakearentzat mehatxutzat jo litezkeen edukiak bigarren mailara zokoratzen dituzte edo hauen garrantzia indargabetzea bermatu, arreta desbideratuta langileriaren potentzialtasun iraultzailea piztu lezakeen kontzientzia hartzea galarazteko.

Ataka horretan, isiltasun konplizearekin ez ezik manipulazioarekin ere apurtzera zuzendutako ekimenak dira Euskal Herri Langilearen aukera bakarra. Eta bide horretan, beharrezkoa suertatzen da inperialismoaren eta miseriaren konplize diren hedabideak salatzea eta buru-belarri ezkutatzen diharduten gezurrak biluztea nahiz egia gordina argitara eramatea.

Gerra inperialistaren eta miseriaren konplizeak!
Gehiago honi buruz: Jarki