Hamaika dira azken urteetan Espainiar estatuak Euskal Herri Langilearen eta militante politiko ororen kontra egindako muntaiak. Euskal Herrian, zaharrak berri…Altsasuko auzitik 10 urte betetzen diren honetan, Asier eta Youssefen atxiloketetatik 4 hilabete eskas para direnean, espainiar estatuak, berriz ere, bere makineria errepresibo eta mediatiko guztia jarri du martxan. Honen helburua argia da; Euskal Herrian beldurra hedatzea eta kapitalari eta haren borreroei aurre egitera ausar zitekeen militante oro kikiltzea.
Ez dugu ahaztu behar, hurrengo hilabetean, espainiar estatuko hauteskundeak gauzatuko direla, eta interes politikoak medio, azken aste hauetan bizitzen hari garen moduko muntaiak, hauteskundeen testuinguruan, ohikoak izaten direla.
Azken egunotan, atxilotuen irudiak, izen-abizenak, difamazioak, senideen aurkako erasoak edota gezurrik makurrenak darabilte hedabide zein sare sozialetan. Hori gutxi ez eta atxilotuak epailearen aurretik pasa baino lehen jada errudun deklaratu dituzte. Gainera, hauek JARDUN koordinadorarekin lotzeko saiakera egiten ari dira, proiektu politikoaren aurkako inoizko kriminalizazio kanpainarik handiena aurrera eramateko.
Hori guztia, ordea, ez da kasualitatea. Espainiar eta frantziar estatu burgesek, euskal konplizitatearekin batera, hainbeste urteetan sostengatutako ongizate estatua gainbeheran dagoenean. ‘Euskal Oasia’ kolokan dagoenean. Euskal Herri Langileari askatasunerako bidea eman diezaiokeen Alternatiba Iraultzaile bat gorpuzteko arriskua ikusten dutenean, estatu zapaltzaileei ezinbestekoa zaie beren arma guztiak hartu eta gupidarik gabe euskal militante politiko ororen aurka oldartzea.
Horregatik, militantzia politikoa kriminalizatzea helburu duen muntaia polizial baten aurrean gaude. Alde batetik, Vocento edota El Mundo bezalako hedabideen partetik jasaten ari garen kriminalizazio kanpaina salatu nahi dugu, manipulazio mediatikoaren bitartez, JARDUN koordinadora seinalatzen eta honekin zerikusirik ez duten atxiloketak lotzen ari baitira. Bestetik, koordinadoraren parte garen militanteok pairatzen ari garen jazarpen poliziala salatu nahiko genuke. Izan ere, azken egunetan gure militanteen gaineko jarraipen eta presio polizialak areagotu baitira.
Azkenik, ideia garrantzitsu bat azpimarratu nahi dugu. Muntai polizial honen atzean eta etsaiek JARDUN koordinadoraren aurka martxan jarri duten kriminalizazio kanpainak, hau da, egunotako jasaten hari garen presio mediatikoak, jazarpen polizialak eta gezurrez beteriko errelato faltsuen zabalpenak, ebidentzian uzten ditu etsaiaren helburu ankerrak. Etsaia, testuinguru politikoa prestatzen ari da JARDUN koordinadora eta honen parte diren antolakundeak ilegalizatzeko eta atxiloketa berriei atea zabaltzeko, Euskal Herriaren askapen sozial zein nazionalaren aldeko borrokan hainbestetan ikusi dugun bezala.
Amaigabeak dira galderak, baina gauza bat argi daukagu, hau, beste kriminalizazio kanpaina bat baino ez dela. Muntaia polizial eta mediatiko berri baten aurrean aurkitzen gara. JARDUN koordinadorak Euskal Herri Langilearentzat suposatzen duen alternatiba politikoa hondoratzea helburu duena. Horregatik, inoiz baino ozenago diogu: KRIMINALIZAZIORIK EZ! EUSKAL HERRI LANGILEA AURRERA!
