Azken hilabetean, JARDUN Koordinadoraren aurkako kriminalizazio kanpainan aurrerapauso kualitatibo bat eman du Espainiar estatuak. Malen eta Aratz atxilotu zituztenetik erasoak areagotu dira: koordinadoraren inguruko oinarririk gabeko difamazioak zabaldu dituzte, kideen kontrako jazarpena indartu dute, zenbait militanteren kotxetan sartu dira eta etxe batetik gailu elektroniko batzuk lapurtu dituzte. Gainera, seinalamendu publikoak burutu dituzte, hainbat kideren izen-abizenak eta informazio pertsonala publikatuz. Estatu zapaltzaileek eskura dituzten baliabide mediatiko, polizial eta juridiko guztiak martxan jarri dituzte proiektu independentista eta sozialista higatzeko.
Malen eta Aratzen kasuaren sumarioan ikus daitekeenez, JARDUN-i 12 ekintza ‘biolento’ leporatzen zaizkio. Besteak beste, iazko urriaren 12an Falangeari aurre egin izana, Maiatzaren Lehenaren testuinguruan ADEGI Gipuzkoako patronala pinturaz seinalatu izana, Tour de France boikotatzen saiatu izana eta Zaballako espetxera martxa antolatu izana. Horrez gain, txakurradaren inguruko informazioa izateko arrazoia desitxuratu dute, eraiki nahi izan duten errelato interesatua eta honetatik eratorritako ondorio errepresiboak justifikatu ahal izateko.
Ekintza horiek guztiak koordinadorak berak aldarrikatuak dira, eta hortaz, horien egiletza ezkutatzetik urrun, argi utzi nahi dugu zilegiak eta beharrezkoak direla. Falange bezalako talde faxista bati aurre egitea zilegi da; klase esplotatzailearen ordezkari esanguratsua den ADEGI seinalatzea zilegi da; Euskal Herriaren zapalkuntza nazionala normalizatzen duen Tour de France bezalako ekimen bat boikotatzea zilegi da; Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalaren alde dena eman duten Euskal Preso Politikoei babesa adieraztea zilegi da; eta azkenik, indar errepresiboen inguruko informazioa izatea zilegi da. Haiek gu monitorizatzen bagaituzte, gure telefonoak interbenitzen badituzte, kotxearekin jarraitzen bagaituzte, zergatik ba ez dugu guk haien inguruko informazioa izateko zilegitasunik izango? Mugimendu politiko gisa akabatu nahi zaituen horren inguruko informazioa izatea beharrezko autodefentsa da. Hortaz, ekintza horietan guztietan berresteaz ez ezik, argi utzi nahi dugu borroka molde horiek erabiltzen jarraituko dugula.
Gertakariok, baina, ez dira kasualitatea. Bi preso politiko berri baldin badaude, hauek Euskal Herri Langileak pairatzen duen klase zein nazio zapalkuntzaren aurka antolatuta egoteagatik da. JARDUN Koordinadoraren aurkako ofentsiba mediatiko, polizial eta judiziala indartu badute, honek espainiar zein frantziar estatuen eta euskal burgesiaren nagusitasuna zalantzan jartzen duen alternatiba iraultzaile bat gorpuzteko lanean diharduelako da.
Baina egoera hau ez dator ezerezetik. Independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokaren aurkako jazarpenak bide luzea du Euskal Herrian. Horrela, klase eta nazio askapenaren aldeko adierazpen politikoek existitzen jarraitzen duten bitartean, saldu nahi izan duten balizko bakea erabat faltsua dela agerian geldituko da behin eta berriz.
Dena den, Euskal Herri Langilearen etsaiak ez daitezela nahastu. Nahiz eta azken hilabetean zehar, bi militante politiko bahitu eta dispertsatu, kriminalizazio kanpaina basatia martxan jarri eta jazarpena areagotu, guk Euskal Herri independiente eta sozialista eraikitzeko konpromisoarekin aurrera jarraituko dugu.
Independentiza eta sozialismoaren aldeko borrokan, militantziaren kriminalizazioari ez!
