Gerra inperialista eta miseriaren aurrean antolatu!

2026ko maiatzaren 1ean

Maiatzaren Lehena kapitalaren oldarraldiei langileok batasunean erantzuteko eguna dugu. Izan ere, inperialismoaren enbataren baitan ematen ari den militarizazio uholdeari Euskal Herri Langileak soilik antolakuntzaren bitartez egin diezaioke aurre. Zentro inperialistan kokatuta eta frantziar zein espainiar estatu kapitalisten menpe egonda, hauen norabidean gatibu bizi da Euskal Herria. Azpiratuta dirauen bitartean, inperialismoaren makinariaren parte izatera kondenatuta. Frantzia eta Espainiako estatuen nahiz euren instituzioen eskutik gerra eta miseria dira Euskal Herriaren patua.

Horrela uler daiteke bakarrik frantziar estatuak borondatezko zerbitzu militarra indarrean jarri izana. Baina zein da etsaia? Zein da Frantziako mugak mehatxatzen dituena? Eta Euskal Herrikoak? Erabaki hau, Frantziako estatu kapitalistaren ustezko segurtasunari erantzutera beharrean, honen agenda inperialistari eutsi eta aldi berean barne frontearen egonkortasuna mantentzera bideratuta doa. Frantziak berriro ere armada baliatu nahi du errepublikaren kohesio elementu eta asimilazio tresna gisa, Ipar Euskal Herria bete-betean kolpatuko duen erabakia hartuta.

Halaber, espainiar gobernuak esku batekin bakearen lekukoa hartzen duen bitartean, bestearekin Frantziaren zein gainerako estatu inperialisten eskutik oratuta jarraitzen du, hau armez hornituz eta heriotzaren negozioaren kontura etekin mardulak eskuratuz. Hitzak ustel, eta antzerkia alboratuta, NATO eta Europar Batasunaren baitako haren parte hartzeak bere horretan dihardu.

Eta hor ditugu hedabideak burgesiaren morroi leial gisa, betiko legez, informazioa negozio bilakatzen eta langileak mantsotuta nahiz alienatuta mantentzera bideratutako diskurtsoa barreiatzen.

Bien bitartean, Bidasoaren alde banatako kapitalistek Euskal Herri Langilearen odola xurgatzeaz ez ezik, munduko hamaika txoko gudu-zelai bilakatuta, inperialismoari aurre egiten diharduen Erresistentzia Ardatzaren odolaz eta heriotzaz negozioa egiten ari dira. Inork salatzen eta auzitan jartzen ez duen aberaste logikan. Urrun geratzen baitzaizkio Euskal Herriari bonbak eta triskantzak. Baina bertotik ere ekoizten dira izenik gabeko lurraldeetan jaurtiko diren bonbak, bertokotzat jotzen ditugun eragile ekonomikoen finantziazioa baliatuta eta, era berean, bada suntsiketarengandik errentagarritasuna ateratzen duenik.

Eta errealitate gordinaren aurrean Euskal Herri langileok entzungor mantentzen garen bitartean, aurrera doa asimilazioa. Irentsiak izaten jarraitzen dugu nazio zein klase gisa, ukatzen gaituzten frantziar eta espainiar estatu kapitalisten zurrunbiloan. Baina kapitalaren mailukada bakoitzetik ihes egiten duen txinparta da langileon borrokarako prestutasuna. Kapitalaren hormen arrakaletatik ihes egiten duen argi izpia da langileon borroka. Ezabatzen eta estaltzen saiatu arren, euren bortizkerian, jazarpenean eta gerretan ernatua baita langileon potentzialtasun iraultzailea. Azpirazioak dirauen bitartean, sumitu ezineko grina izango baita askatasuna. Euskal Herriko langileon antolakuntza izango da independentzia eta sozialismorako indar askatzailea.

Gerra inperialista eta miseriaren aurrean antolatu!
Gehiago honi buruz: JARDUN