KAPITALAREN LEGEA, LOTZEN GAITUEN KATEA!

2026ko otsailaren 4an

Egun, unibertsitatea ez da inondik inora jakintza eta hezkuntzari begirako gune neutrala. Izan ere, kapitalaren eta bere mesedepean diharduten estatu okupatzaileen zapalkuntza egituran guztiz errotuta dago. Alta, Euskal Herriko ikasleok ez gara subjektu pribilegiatua; aitzitik, asimilazio ideologikoko prozesuan murgildutako etorkizuneko langileak gara. Ikasten ari garen urteetan, lan-merkaturako prestatzen gaituzte, alde batetik, lehiakortasuna barneraraziz eta bestetik, prekarietatea zein urritasuna saihestezintzat aurkeztuz. Jardunaldi amaigabeak, miseriazko soldatak eta ezegonkortasunak markatutako bizitza onartzera kondenatzen gaituzte, burgesiak gure lanaren bizkarrera sortutako aberastasuna pilatzen duen bitartean. Beraz, unibertsitate-titulua ez da askapen tresna bat, ordaindutako esplotazioan sartzeko tiketa baizik.

Gauzak horrela, EAEko eta Nafarroako unibertsitateak sistema kapitalistaren makineriaren eta hura babesten duten espainiar zein frantziar estatu zapaltzaileen elementu garrantzitsua dira, Euskal Herri Langilearen gaineko agintaritza birproduzitzeko diseinatuak. Halaber, ez dira egitura ekonomiko horren zerbitzura dauden espazioak soilik; estatu okupatzaileen egitura politiko eta ideologikoaren funtsezko osagai ere badira, Euskal Herriaren ukazioa eta nazio asimilazioa aktiboki sustatzen dituzten tresnak. Era horretan, berrikuntzaren eta etorkizun profesionalaren diskurtsoan sakonduz gero, benetako xedea azaltzen zaigu, hots, egungo ekoizpen-ereduaren jarraitutasuna bermatzea, lan-merkatuaren beharretara moldatutako eskulan trebatu eta otzana sortzea eta aldi berean, indarrean dagoen orden politiko-juridikoari eustea.

Hortaz, kapitalak langile prestatuak behar ditu, baina, aldi berean, zatituak, despolitizatuak eta elkarrengandik isolatuak. Horregatik, ikasleak gainerako langileengandik bereizten ahalegintzen dira, klase kontzientzia ahulduz, langile klasearen parte garela ukatuz eta izango ez garela sinetsaraziz. Baina alferrik zaie. Ikasleok ere langile klasearen parte gara, jadanik kapitalaren presiopean bizi garenak. Unibertsitatetik irtetean, saltzen diguten egonkortasunaren promesa desagertu eta behin-behineko kontratuek, azpikontratek zein egiturazko langabeziak hartzen dute bere lekua; unibertsitateetako graduetan derrigorrez egin beharreko ordainik gabeko praktikak dira horren erakuslerik argiena.

Azken finean, unibertsitatean inposatutako menpekotasuna lantegietan egikaritzen da. Horregatik, egoera honen aurrean erantzuna ezin da banakakoa izan. Irtenbide bakarra, ordea, Euskal Herriko langileen eskutik etorri behar da. Hortaz, kapitalaren, frantziar zein espainiar estatuen eta euren morroien aurrean, indarrak batzea, antolatzea eta borrokatzea dagokigu.

KAPITALAREN LEGEA, LOTZEN GAITUEN KATEA!
Gehiago honi buruz: ASTINDU