Lehenik eta behin, gure elkartasun eta babes osoa helarazten diegu Ipar Euskal Herriko ikasleei, bereziki hezkuntza euskaldunaren eta ikasle langileen interesen alde borrokan ari diren Etxepare lizeoko ikasleei. Horretaz gain, frantziar estatuko indar okupatzaileek protestak isilarazteko eta antolakuntza oztopatzeko asmoz ikasleen aurka darabilten errepresioa irmoki salatzen dugu. Izan ere, beraien eskubideak eta interesak defendatzeko mobilizatu diren ikasleei indarkeriaz oldartu zaizkie, hauek aurrera daramaten borrokarekin amaitzeko asmoz.

Frantziar estatu osoan hedatzen ari diren protestak eta istiluak krisi kapitalistak langile klasearen bizi baldintzetan eragindako kaskartzearen testuinguruan ulertu behar ditugu, krisiaren zama langileriaren bizkarrean ezartzen ari baitira, zerbitzu publikoak murriztuz eta hezkuntza prekarizatuz. Hala, irakasle faltak, ikasgela masifikatuek eta ikasketak jarraitzeko oztopoek ikasle langileria zuzenean kolpatzen du.

Ipar Euskal Herrian, gainera, borroka honek nazio askapenaren dimentsioa ere hartzen du, klase zapalkuntza eta nazio zapalkuntza uztartzen direlako. Hau da, euskal nazioaren ukazioa, euskararen bazterketa eta euskaraz ikasteko eskubidearen debekua frantziar estatu zapaltzaileak gure herriari ezartzen dion zapalkuntzaren adierazpen garbiak dira. Horrenbestez, hezkuntza duin eta euskaldunaren aldeko borroka Euskal Herriaren ukazioari aurre egiteko borroka ere bada.

Era berean, gure elkartasun internazionalista helarazten diegu frantziar estatu osoan eta frantziar estatuarengandik zapalkuntza pairatzen duten nazioetan borrokan ari diren langile zein ikasleei. Murrizketen, militarizazioaren eta errepresioaren aurrean, langile klasearen eta herri zapalduen arteko elkartasuna indartzea funtsezkoa baita.

Ondorioz, egora honen aurrean, eta enegarren aldiz, argi geratzen da Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa eraiki behar duela. Hau da, Euskal Herriko Langile guztientzako prestakuntza integrala, kritikoa eta eskuragarria bermatuko duena. Hezkuntza sistema hau soilik Euskal Herri Langilearen gaineko zapalkuntza nazional zein soziala sostengatzen dituen egitura kapitalistarekin apurtzean gauzatuko da soilik. Beraz, Euskal Herri independente eta sozialista ipar, jarrai dezagun antolatzen eta borrokatzen.

Ipar Euskal Herriko ikasleok, zuen borroka Euskal Herri Langile osoarena da! Errepresioaren aurrean, elkartasuna eta antolakuntza!