Euskararen aurkako erasorik ez!
Duela hilabete eskas, frantziar estatuak Ipar Euskal Herriko ikasleei ukatu egin zien Matematikako azterketa euskaraz egiteko eskubidea. Ildo beretik, unibertsitatera sartzeko probako Euskara azterketak berriro ere agerian utzi du espainiar estatuak Euskal Herri Langilearentzat duen proiektu politikoa. Izan ere, euskaraz gutxieneko gaitasunik ere frogatu ez duten ikasleak unibertsitatera sartu ahal izango dira, Euskal Herriko hizkuntza nazionalak baliorik izango ez balu bezala. Alabaina, hauek ez dira gertakari isolatuak, erasoaldi beraren bi adierazpen baizik.
Estatu okupatzaileek argi dute zein den euren helburua: euskara eremu estrategikoetatik baztertuta, diglosia egoera elikatu eta mendeko hizkuntza bihurtzea. Euskara kulturara eta folklorera mugatu nahi dute, Euskal Herri independente eta sozialista eraikitzeko tresna izan ez dadin. Alta, jakin badakite Euskal Herri Langilearen euskalduntzeak kontzientzia nazionala indartu ez ezik, euren menderatze proiektua ere ahultzen duela.
Hori dela eta, unibertsitatera sartzeko proban gertatutakoa ez da administrazio akats hutsa. Aspalditik euskararen aurka martxan dagoen eraso politiko eta judizialaren ondorio zuzena da. PPk eta PSOEk, diskurtso ezberdinak izan arren, estatu proiektu bera defendatzen dute. Auzitegi espainiarrak euskararen aurkako oldarraldia aurrera eramateko tresna politikoa dira. Epai bakoitzak, errekurtso bakoitzak eta inposaketa bakoitzak helburu bera dute: Euskal Herriaren nazio izaera ukatzea eta euskara Euskal Herriko hizkuntza nazional izateko edozein aurrerapauso geldiaraztea.
Testuinguru horretan, EAJ buru duen Eusko Jaurlaritzak berriro ere autonomismoaren benetako mugak erakutsi ditu. Eraso bakoitzaren aurrean adierazpen instituzionalak egiten ditu, baina, azkenean, Madrilek ezarritako marko juridikoa onartu eta espainiar estatu zapaltzailearen auzitegien erabakiei men egiten die. Euskararen aldeko diskurtsoa baliatzen dute, haren atzerakada administratzen duten bitartean. Autogobernuaz hitz egiten duten arren, uko egiten diote estatu okupatzaileen inposizioei aurre egiteari. Horixe da autonomismoaren benetako aurpegia: Euskal Herriaren eskubide nazionalak zein sozialak bermatzeko ezintasuna.
Ez da kasualitatea, beraz, eredu honen onuradunak betikoak izatea. Pribilegioak berriro ere hezkuntza pribatuaren eta historikoki euskalduntze prozesuari bizkarra eman diotenen alde antolatzen dira. Euskal Herri Langilearen parte garen ikasleok, aldiz, gero eta lehiakorragoa nahiz prekarizatuagoa den eta merkatuaren interesen zerbitzura dagoen hezkuntza sistema baten ondorioak pairatzen ditugu.
Espainiar eta frantziar aparatu judizialek ez daukate inolako zilegitasunik gure hizkuntzari buruz erabakitzeko. Euskara defendatzea ez da soilik hizkuntza bat babestea. Euskal Herriak bere hezkuntza sistema propioa eraikitzeko duen eskubidea eta beharra defendatzea da. Estatu okupatzaileek ezarritako marko politiko eta juridikoarekin apurtzea da. Azken finean, Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta sozialaren alde egitea da.

