Oinarri ideologikoak

Independentzia eta nazio askapena

Amnistiaren inguruan

Sozialismoa eta klase gatazkaren gainditzea

Internazionalismoa, zapalduon arteko elkartasuna

Klase feminismoa, emakume langileon zapalkuntzari erantzuna

Ekologismoa eta produkzio moduak

Independentzia eta nazio askapena
Espainiar eta frantziar estatuek, Europar Batasunarekin batera, Euskal Herriaren existentzia eta izaera politikoa bera ukatzen dute. Ez soilik ukatu, baita zapaldu ere. Historiak erakutsi digu bi estatu hauek gutxiengo nazioenganako duten errespetua zer nolakoa den. Ez dago biderik haiekin batera gure izaera propioa aldarrikatu nahi badugu. Nazio askapena independentziaren bidetik dator ezinbestean Euskal Herriaren kasuan.
Argi izan behar dugu ukatua den sentipen nazionala prozesu sozial eta historiko baten ondorio zuzena dela. Euskal Herriaren garapen historiko eta sozialaren ondorioz sortu da sentimendu nazional bat, bere oinarria bereziki euskaran aurkitzen duena. Egun, espainiar eta frantziar estatuek beren izaera okupatzailea mantentzen jarraitzen dute, Euskal Herriaren askatasun nazionala ukatuz (zer esanik ez klase esparruan). Hau dela eta, euskaldunon izaera ukatzen dute etengabe.
Estatu hauen legediak berak gure existentzia ukatzen du, frantziar estatuak euskaldunon izaera eta hizkuntza ukatzen duenean, adibidez. Baita espainiar estatuaren kasuan ere, gure lurraldea Espainiaren egiturapean eta “Espainiar naziopean” jartzen duenean. Beraz, espainiar eta frantziarren izaeratik desberdinduta dagoen eta ukatua den kolektibotasun soziala (nazio zapalduaren forma hartzen duena) osatzen dugu.
Era berean, euskararen kontrako erasoek argi uzten dute espainiar eta frantziar estatuen partetik ez dagoela euskaldunon existentzia errespetatzeko borondaterik. Etengabeko errepresio kulturala jasaten dugu gure nortasunaren oinarri diren elementu ezberdinei eraso egitean. Horregatik, ezin dugu gure izaera propioa ukatzen duen markoan mantendu.
Gauzak horrela, Iparraldeko eta Hegoaldeko egoerak bereizi behar ditugu. Hegoaldean hizkuntza ofizialaren estatusa du euskarak. Nahiz eta sasi-ofiziala izan, Nafarroan euskara gutxiesten duten berezitasunak mantentzen dira. Modu orokorrean gaztelerak du lehentasuna hegoaldean. Iparraldean, euskara galzorian dago. Frantziar estatua eratu zenetik hizkuntza bakarra onartu zuen bertan: frantsesa. Hamaika dira euskarak bere biziraupen eta sustapenerako erakunde publikoen aldetik jasotzen dituen zailtasunak zein eraso zuzenak.
Argi dago, beraz, espainiar eta frantziar estatuek Euskal Herriaren izaera politiko, sozial eta kulturala ukatzen dutela. Hau horrela izanik, eta nazio sentipen desberdindu bat osatzen dugun heinean, ezin dugu estatu sasi-inperial hauek eskaintzen duten testuinguruan garatu gure borroka politikoa.
Gure izaera propioak ez du esan nahi beste herriak baino hobeak garenik. Ez gara txobinismo joeretan jausiko. Hala ere, hori ez da aitzakia euskaldunon kultura eta hizkuntza zapaltzeko. Ukazio honetatik sortzen da nazio askapenaren borroka, klase gatazkari elkarlotuta dagoena, eta dominazio erlazio bat suposatzen duen heinean gainditu egin behar dugu gure izaera bera ukatzen duen testuinguru politikoa.
Esan beharra dago nazio auzia, klase parametroetan ulertzen dugula. Horregatik, nazio askapena Estatu Sozialistaren eraikuntzatik pasatzen da. Ezin gara jausi burgesiak defendatu ohi duen independentzia prozesuen defentsan. Izaera nazionala bereganatzen duen klase burgesak, sentipen horrekiko aurkezten duen atxikimendua erabiltzen baitu bere interesak hobekien defendatzeko medio bezala. Ondorioz, defendatzen dugun nazio askapena, independentzia eta sozialismoaren eraikuntzan oinarritzen da. Ezinezkoa dugu askapen nazionala edota soziala burutzea, ez bada bi elementu hauek oinarri dituen prozesu batetik abiatzen.
Ez gara bi faseen arteko logikan murgilduko (lehenengo independentzia eta gero sozialismoa). Emakumearen askapenarekin batera, borroka berdinaren alde ezberdinak diren heinean, gure helburuak lortzea estatu sozialista eta independente baten eraikuntzan datza. Independentzia sozialismoaren eskutik izango da, edo ez da izango. Era berean sozialismoa independentziaren eskutik ematen ez bada, ez da benetako sozialismoa izango.

Amnistiaren inguruan
Herri honen historian zehar, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan jardun dute hainbat militante iraultzailek. Askapen prozesuaren hasieratik, frantziar eta espainiar estatuek bere jarrera errepresiboa argi utzi dute, Euskal Herriaren aldeko hainbat militante iraultzaile atxilotuz, torturatuz eta erailez.
Horrela, egungo egoeran, Espainia eta Frantziako kartzeletan eta erbestean ehunka preso, errefuxiatu eta deportatu daude beren borroka eredugarriaren ondorioz. Erakutsitako konpromisoagatik, Euskal Herriaren alde borrokatu duten preso, errefuxiatu eta deportatuei errespetu osoa zor diegu. Horregatik gure helburuetatik amnistiaren lorpena pasatzen da.
Gure helburuen artean amnistia kokatzen da herri honen askatasuna ezin delako Euskal Herriaren alde borrokatu izan duten militanterik gabe eraiki. Amnistia presoen askatasunaz haratago doan kontzeptua eta aldarrikapen politikoa da, baloreen aldaketan kokatzen dena. Gizartearen balore aldaketa erradikal bezala ulertzen dugu, non askatasunaren alde borrokatu izan duten militanteen hautuaren zilegitasuna onartua izango den. Bere momentuan hartutako bidea herriaren kontzientzian zilegi bihurtzerakoan lortuko da amnistia.
Amnistia askapen prozesuari loturiko aldarrikapen gisa ulertzen dugu, preso eta errefuxiatuen askatasuna eta gizartearen baloreen iraultzea, independentzia eta sozialismoaren eraikuntzaren bidean eman behar den helburua delako. Preso eta errefuxiatuta dauden militanteek zabaldutako borrokaren zergatiak desagertuta lortuko da soilik amnistia. Borrokari ekiteko zergatiak desagertuz gero bakarrik bermatu ahal da euskal militanteak preso eta errefuxiatuak bilakatu dituen jazarpen egoera berriz ez errepikatzea. Horregatik, amnistia herri honen garaipenetik pasatzen da derrigorrez. Herri honen garaipenaren seinale bihurtuko da amnistia, zapalkuntza egoeraren amaieratik pasatzen dena.

Sozialismoa eta klase gatazkaren gainditzea
Harreman ekonomiko kapitalistetan esplotazioa da legea. Langileok, ekoizpen baliabideen jabetza ez dugunok, gure lan-indarra dugu soilik saltzeko. Eta nori? Jabeei, burgesei. Estatu kapitalistak ere badira jabeak. Langileon lanetik ateratako gainbalioarekin hasita, kapital metaketa izugarria burutzen hasi ziren duela mende batzuk (mendebaldean bereziki). Egun nazioarte mailako kapital sareak, monopolioak barne, izugarriak dira. Estatu kapitalista askok baino koertzio ahalmen handiagoa dute kapital talde nagusiek, industria eta banku kapitala barnebiltzen dituen finantza kapitalak gidatuta.
Klase burgesak estatu kapitalisten baitan duen boterea itzela da. Bere helburuetara zuzenduta dago administrazio osoa, baita legedia ere. Egitura honetan kokatu daiteke, adibidez, tokian tokiko hezkuntza sistema. Egitura publikotik at, sektore pribatuaren bidez ere langileria eta zapalduoi propaganda itzela iristen zaigu. Ideologia zapaltzailea barneratzen dugu, sistemaren alternatibarik ez dagoela sinistuz.
Gure kasuan, estatuez gain europar mailako oligarkiaren proiektu politikoa Europar Batasuna da. Elkarlan ekonomikoaren izaeratik abiatu zen proiektu honek, gainegitura politiko eta judizial osoa baldintzatzen du egun: estatuetako legedia, jarrera politikoak koiuntura politikoaren aurrean… Aspektu ekonomikoak ahaztu gabe: kapitalisten mesedeetara zuzendutako neurri amaigabeak, zapalduon egoera gero eta gehiago okertzen dituztenak. Egungo Europar Batasunaren baitan ez dago kapitalismoaren alternatiba politiko integralik bideratzerik. Haien legediak argi ezartzen du merkatu askatasunak zer nolakoa izan behar duen, eta hau bete ezean zigorrak prest dituzte.
Ondorioztatzen dugu, beraz, sistema kapitalistaren baitan langileen kontrako jazarpen egoera mantenduko dela, esplotazioa sistemaren izaeraren baitan errotzen den ezaugarria baita. Esplotazio ekonomikoaz gain, ezin ditugu ahaztu lan istripuak, lan baldintza ustelak, egonkortasun eza, langile antolaketarenganako mehatxu eta jazarpena, edota munduan zehar egun existitzen diren lan baldintza esklabistak, besteak beste. Ez dago kapitalismoa zibilizatzeko biderik, bere oinarrian zapalkuntza aurkitzen delako. Errealitate honen aurrean, antolaketa forma propioak osatzera bideratu behar dugu gure lana.
Egoera hau iraultzeko gure ekarpena gure herritik bertatik hastea da lanketa ideologiko eta praktikoaren bidez. Bertako esplotatzaileak haien posizio zapaltzailetik atera behar ditugu, gure herriko baliabideak partekatuz eta Euskal Herrian dauden nazioarteko kapital inbertsioak moztuz. Aske bizitzeko, klase gatazkarekin amaitzeko, ez dago erdibideko irtenbiderik: ekoizpen baliabideak sozializatu ezean beti egongo gara hauen jabeen menpe. Antolaketa asko dago egiteko momentu horretara iritsi arte.
Ekoizpen baliabideen sozializazioa gauzatzea konfrontazio zuzenean sartzen da klase menperatzaileen interesekin. Ondorioz, kontziente izan behar gara indarrean dagoen boterearen eskutik ez dagoela gure helburuak betetzeko espaziorik. Hau dela eta, presente eduki behar dugu (nahiz eta egungo egoeran fikzio bat suposatu), gure esfortzuak etorkizun batean boterea hartzera bideratuta egongo diren mekanismoak diseinatzera bideratuta egongo direla.
Argi dago gaur egun boterea hartzea teoriaren esparrura mugatuta dagoen ideia dela. Hala ere, ideia hau gure perspektiba ideologikoaren baitan mantendu behar da ezinbestez. Egun posible ez bada ere, soilik herri honen borondatearen esku dago baldintza eta testuinguru hori sortzea lan politiko konstante eta apalaren bitartez.

Internazionalismoa, zapalduon arteko elkartasuna
Elkartasuna dugu oinarri. Mundu osoko saiakera iraultzaileok eta zapalduok (langileok, herri zapalduok…) elkar babestu behar dugu. Koiunturak baldintzatzen gaituen neurrian, noski. Zentzu honetan ulertu behar dugu internazionalismoa, langile eta herri zapalduen arteko harreman gisa. Ondorioz, beste herrialde eta testuinguruetan garatzen diren prozesu iraultzaileei errespetu osoa zor diegu.
Elkar loturak beharrezkoak dira borroka iraultzaile orotan, eta argi dago gure testuinguruz kanpoko eragile iraultzaileen laguntza beharko dela sozialismoa munduan eraikitzeko. Horregatik, Euskal Herritik kanpoko mugimendu eta eragile iraultzaileekin harremanak mantentzea beharrezkoa ikusten dugu, prozesu iraultzaile bakoitza elkar-elikatu eta indartzeko.

Klase feminismoa, emakume langileon zapalkuntzari erantzuna
Emakume langileok kapitalarengatik pairatutako zapalkuntzaren afera gainditzea du helburu klase feminismoak. Kapitalismoak bereganatu eta moldatu egin ditu aurretik existitzen ziren harreman patriarkalak, hau da, emakume eta gizonen arteko dominazio harremanak, emakumearen zapalkuntza behin eta berriz birproduzitzeko: egunerokotasuneko mespretxu keinuetatik abiatuta, gizonek burututako sexu-eraso eta emakumeen erailketak barne.
Sexu-generoen arteko dominazio harreman horiek baliatuta, kapitala emakumearen lan birproduktiboaren gaineko kontrola bermatzeaz arduratu da. Hori dela eta, birprodukzio sozialean dago emakume langilearen auziaren gakoa, bera baita jardun birproduktiboaz, hots, lan-indarra berreskuratzeko beharrezkoa den zaintza lanaz arduratu behar dena: janaria prestatzea, arropa garbitzea, zaintza emozionala… Era berean, emakumearen ugaltzeko gaitasuna ere baliatzen du kapitalak, lan-indarraren belaunaldi berriak ziurtatuz sistema produktiboaren etorkizuneko jarraikortasuna bermatze aldera.
Hori gutxi balitz, emakumeek gizonekin batera produkzioan parte hartu beharra dute, burgesiak etekin bikoitza lortuz horrela. Asmo horrekin kapitalismoak jarduera birproduktiboa eta produktiboa uztartzea lortu du, ahalik eta esplotazio maila handiena burutuz baina, aldi berean, lan-indarraren birprodukzioa arriskuan jartzea saihestuz. Izan ere, emakume langilearen jardun birproduktiborik gabe, burgesia lan-indarraren iturririk gabe geratuko litzateke eta, horrenbestez, esplotatzeko klaserik gabe.
Gainera, burgesiak eskura dituen esparruak baliatzen ditu, hezkuntza, familia, hedabideak… ideologia dominatzailea inposatuz, emakumearen jazarpen egoera nahiz klase ezberdintasunak bermatzeko. Esate baterako, emakumeari egokitu zaio familiako gainerako kideen zaintza lanaren ardura. Burgesiak bere diskurtso feministarekin emakume burgesen eta langileen arteko batasuna bultzatu du, bakoitzaren klase izaera baztertuz eta emakumearen askatasunaren aldeko borroka eta klase borroka bateraezinak direla sinetsaraziz. Hala ere, emakume burgesek beti jardungo dute kapitalaren interesen mesedetan, haien pribilejioak edota klase posizioa arriskuan jartzea ekiditearren.
Hori dela eta, klase feminismoa aldarrikatzen dugu, ezinbestekoa baitugu emakume langilearen aferari klase parametroetan aurre egitea, borroka feminista kapitalaren kontrako borrokaren baitan kokatuz. Izan ere, sistema ekonomikoaren errotiko eraldaketak ahalbidetuko du bakarrik emakume langilearen nahiz langile ororen askatasuna.
Argi izan behar dugu borroka feminista ezin dela era isolatuan ulertu, borroka global iraultzaile baten parte bezala baizik. Horregatik, zapalkuntza harremanak suntsitzeko bidean, klase ikuspegitik jorratu behar dugu feminismoa, sexu-genero gatazka gainditu eta langile guztion parekidetasunean oinarrituriko gizartea eraikitzeko.
Horretarako abiapuntua klase feminismoa hezkuntza eta pedagogia kritikoaren bitartez hedatu eta aldarrikatzean kokatzen dugu, gizarte honetan indarrean dauden balore matxistak iraultzeko. Baina ezin gara feminismo instituzionalak babesten duen parekidetasun faltsuaren defentsan erori, marko kapitalistaren baitan emakumeek zenbait eskubide lortu arren, emakume langilearen zapalketak bere horretan iraungo baitu. Diskurtso idealetatik haratago, gizarte honen oinarriak irauliko dituen borroka klase feminismoaren esparruan garatu beharra dago hortaz.
Era berean, gogoan izan behar dugu klase feminismoaren baitan kokatzen garenez gero, militantziaren esparruan birproduzitu daitezkeen sexu-genero arteko dominazio harremanen kontrako jarrera irmo eta aktiboa garatu behar dugula. Horregatik, egunerokotasunean emakume eta gizonen arteko militantzia parekide bat sustatuko da, bai dinamika militanteetan, bai arlo politikoan. Etorkizunari itxaron gabe, gaurdanik burutu ditzakegu aldaketa asko zapalkuntzen amaierari begira, gure jardunaren baitan hasten baita aldaketa.

Ekologismoa eta produkzio moduak
Azken hamarkadetan ekologismoaren gaiak garrantzi handia hartu du, gizartearen produkzio modu eta bizitza formaren ondorioz naturak pairatzen dituen kalteak areagotu direlako. Honekin batera, naturaren kontrako erasoek, langile klasearen bizi baldintzetan zenbait eragin izan dituzte. Lehengaien apropiazioa ziurtatzeko nazioarteko gerrak areagotu dira. Pertsonen arteko bizi baldintzak kaltetuak izan dira eragiten dugun aldaketa klimatikoaren ondorioak direla medio. Honekin batera, lehengai fosiletan oinarrituriko produkzioa bermatzeko bidean etorkizuneko guda inperialistak planifikatzen ari dira, klaseen arteko desberdintasunak areagotuko dituzten eszenatoki politikoen atarian egonda. Honegatik, naturak pairatzen duen egoerak sistema kapitalistaren izaeran aurkitzen du bere oinarria, sistemak bermatzen duen produkzioaren ondorioz aipatutako kalteak sortu izan ditugulako.
Etengabeko hazkundean eta ekonomien arteko lehian oinarritzen den gizartea antolatu du kapitalismoak. Estatuek eta eragile ekonomikoek haien arteko lehia etengabean naturaren mugak kontuan hartu barik jarraitzen dute, horrela pertsonen eta izaki bizidunen etorkizuna kaltetuz. Lehengaien ustiaketa intentsiboa burutzen ari da etekin ekonomikoa eskuratzeko helburuarekin. Logika hauek gelditu ezean gure etorkizuna baldintzatuko duen egoera sortuko du, gure bizitza kondenatuz.
Ekologismoaren aldeko borroka, beraz, kapitalismoak planteatzen duen produkzio sistemaren baitan ulertu behar da, produkzio moduen eragina naturaren gaineko kaltearen erantzule zuzena baita. Horregatik, kapitalismoak maila ekologikoan planteatzen dituen kalteekin amaitzeko ezin gara konponbide partzialetara mugatu. Gizartearen sistema ekonomikoak antolatzen dituen formei alternatibak bilatzea beharrezkoa da.
Ekologismoaren aldeko borroka, produkzio formen aldaketa sakonetik bakarrik bideratu ahal da. Egun inposatuta dauden produkzio modu suntsitzaileak errotik aldatuta naturak pairatzen duen egoerari aurre egin diezaiokegu.
Prozesu honetan, inposaturiko produkzio moduei bideraturiko alternatibak ongi etorriak dira, merkatu alternatibo, burujabe edo bestelako produkzio forma ezberdinak sustatzen dituzten ekimenak barne. Berdina gertatzen da, proiektu txikitzaileen kontrako dinamikekin, azken hauek naturari zuzenean erasotzen dioten proiektuak baitira. Desarrollismoaren kontra agertzen gara, natura proiektu irrazional eta suntsitzaileez bete nahi dutelako Euskal Herria eta mundua. Hala ere, haratago jo behar dugu ekologismoaren aferan, aldaketa erradikalen bitartez bakarrik lortuko dugulako naturari egindako kalteak gelditzea eta gizarteari alternatiba iraunkorrak eskaintzea.
Ondorioz, ekologismoaren aldeko borroka sozialismoaren baitan ulertzen dugu. Lehia eta etekina alboratzen duen ekoizpen moduak bermatuko du naturaren zaintza. Klase gizarte eta produkzio moldeen aldaketatik bakarrik lortu dezakegu ama lurrak jasaten dituen erasoak etetea. Hala ere, kolektiboki aldaketak burutu ditzakegun modu berdinean, norberak ere aldaketak ezarri ditzake bere bizitzaren aspektu ugarietan. Baina argi dugu produkzio kapitalistak naturan eragin dituen ondorio latzak konpontzeko bidean sozialismoan oinarrituriko ekologismoa sustatu behar dugula.