GUDARI EGUNA 2025

JARKI antolakunde iraultzaileak irailaren 27an eguerdiko 12:30etan Arrasateko Monterron parkean deitutako Gudari Egunean parte hartzeko deia luzatzen dio Euskal Herri Langileari.

GUDARI EGUNA 2025
2025eko abuztuaren 17an

Irailaren 27a ez da oroitzapena edota garai zehatzetako borroka edota urtemugak gogora ekartzeko data. Euskal Herriaren alde edozein garaitan inoiz, inon dena eman duten guztiak eta batez ere hauek aurrera eramandako borroka gogora ekarri eta geure egiteko eguna da irailaren 27a, Gudari Eguna, alegia. Euskal Herri Langileak nazio eta klase zapaldu gisa estatu zapaltzaileekiko aurrera daraman borrokan berresteko eta aurrekoen lekukoari heltzeko prestutasuna aldarrikatzeko eguna.

Zapaltzaileen eta zapalduen historia ez da luma beraz idatzia. Ez da amankomuna, ezta partekatua ere, batak besteari inposatua baizik. Etsaiak ez baitu inoiz onartuko bere izate zanpatzailea, ezinezkoa zaiolarik horrela berea baino ez den egia onartzea. Are gehiago, gogor joko du zapalduon egiaren aurka, honek bere izatea eta jazarpena agerian uzten dituen heinean. Izan ere, beldurra da zapaltzailearen historiaren motorea, hau hedatuta eta honengatik mugituta egin baitu aurrera. Horrela, frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herri Langilearen egiaren aurka jotzen dute sistematikoki, hau kriminalizatzeko eta desagerrarazteko xedearekin. Alta, inposatzen diguten demokrazia burgesean ez dago bakoitzak bere egia defendatzeko betarik, etsaiak ez baitu inoiz onartuko berarena ez den bestelako egiarik, ezta perspektibarik ere. Bide horretan, zapalduon errelatoa hauek ezkutuan eta lotsatuta eraman beharreko zama bilakatu nahi dute, Euskal Herrian oroimena bazterretan loratzen den laiotz eta itzaletatik eratorritako errainua delarik, inposatutako erregimen eta ordenari aurre eginez ehundutako errelatoa baita zapalduon historia. Era horretan, inposizioaren aurreko borroka bera gogora ekartzea inposizioari aurre egiteko ekintza bilakatzen da.

Gauzak horrela, Gudari Eguna ez da oroimen eta aldarrikapen egun hutsa. Bere gauzapena bera erresistentzia egintza da. Frantziar eta espainiar estatuok inposatzen duten errelato eta egia ustelari, zapalketari eta azpirazioari aurre eginez, borrokan eta konpromisoaren suan eraikitako Euskal Herri Langilearen historia kontrajartzen duen data da. Estalpeko errelatoa kalera atera, Euskal Herriaren askapenaren alde dena eman dutenen borroka lehen lerroan jarri eta honen zilegitasuna zein zuzentasuna mahaigaineratzen duen intsumisio ariketa. Lotsa barik, harrotasunez, geure egin beharreko borroka. Estatu zapaltzaileen azpirazioari aurre egin, eta Euskal Herriaren biziraupena ahalbidetzen duen borroka. Azken finean, Euskal Herriaren nazio eta klase askapenari bidea parez pare irekitzeko beharrezkoak diren urratsen segida biltzen duen borroka, Euskal Herri Langilearen askapenaren ibilbidearen erresumina, alegia.

Zapalkuntzaren eta injustiziaren aurrean indibidualismoa alboratuta eta konpromiso nahiz eskuzabaltasun kolektiboa oinarri, konpromiso politikoak gidatutako borroka eta erresistentziaren ikur dira gudariak. Ez dira, beraz, sasoi eta momentu historiko batera mugatzen diren figurak, iraganaren eta oroitzapen historikoaren perspektibatik gurtu behar ditugunak. Euskal Herriaren zapalketak dirauen bitartean, azpirazioaren aurrean injustiziaren aurka eta Euskal Herriaren askapenaren alde dena emanda antolatu eta borrokatzen direnen figura da. Euskal Herriaren azpirazioa eta zapalketak dirauen bitartean, Euskal Herri Langilea libre ez den bitartean, existituko den errealitatea da gudariena. Estatuei aurre egin, eta Euskal Herriko langile klasearen proiektu politikoaren gauzapenaren alde muturreraino borrokatuko dena. Ez dira, beraz, urteurrenak, oroitzapenak edota izan ginenaren nozioak gogora dakartzagunak irailaren 27an. Ukazioak eta azpirazioak dirauten bitartean, gudarien figura, euren beharra eta borrokaren zilegitasuna dira aldarrikatzen ditugunak. Irailaren 27a zerbait bada, gudari eguna baita. Euskal Herriaren erresistentzia eguna. Estatuek inposatutako errelato eta errealitatearekiko apurketa agerian uzteko borroka eguna.

Egun bizi ditugun zapalkuntzei aurre eginez gauzatuko da Euskal Herri independente eta sozialista. Eguneroko borrokaren bitartez eraikiz doa etorkizuneko Euskal Herria. Euskal Herriaren historiak, bere izateak eta existentziak berak borrokan baitute oinarria, azpirazioari aurre egiten dion herri langilearen emaitza eta ondarea baita. Eta azken helburua urrun egonda ere, honen aldeko borrokan aurrerapausoak ematen diren bitartean, honen alde borrokatzen den bitartean, errealitatea izango da Euskal Herria. Instituzio arrotzetan parte hartu barik zein eraikin publikoetan presente egon gabe, kaleetan Euskal Herri Langileak ehundu eta biziko duen errealitatea. Gauzak horrela, JARKI antolakunde iraultzaileak irailaren 27an eguerdiko 12:30etan Arrasateko Monterron parkean deitutako Gudari Egunean parte hartzeko deia luzatzen dio Euskal Herri Langileari.

Gehiago honi buruz: Jarki