Abenduaren 6an denok Durangora!

Intzara Mendinueta
2025eko abenduaren 5ean

Franco hil zenetik 50 urte pasa badira ere, aurrera darrai bere ondareak. Hego Euskal Herrian halabeharrez eta indarrez azpiratuta biziarazten gaituen estatuaren formari eta bere instituzioei erreparatu besterik ez dago, hauek berak markatutako bideorriaren jarraipena direla konturatzeko. Ez zen gauzatu apurketa demokratikoa. Lapurtu egin zioten garaipena herri langileari. Ustezko trantsizioaren estalkipean, inpunitatea eta kontinuismoa izan ziren garaile, sobera ezagunak ditugun askoren kolaborazio eta isiltasun konplizea medio. Horrela, frankismoak, desagertu beharrean, espainiar erresumaren erroan bizirauteko aukera paregabea izan zuen, estatuaren DNAren parte banaezina izateko punturaino. Erregimen aldaketa gisa saldu zutenak erdigune inperialistako ustezko demokrazientzat onargarria izan zitekeen itxura hartu zuen, hauek azkar asko eman ziotelarik labela.

Aitzitik, ez dezagun 50 urtez elikatu duten gezurra irentsi. Boterea odolez hartu zuen diktadorea estatu buruak berak izendutako eta inork hautatu gabeko erregea ordezkatu zuen, besapean demokrazia ekarri zuelako leloa mila aldiz errepikatuta. Eta horrela, gauzak aldatu egin ziren, denak berdin jarrai zezan. Euskal Herria ukatuta. Bere nazio izaeraren aldarrikapena baztertu eta kriminalizatu beharreko separatisten posizio politiko gisa aurkeztua. Euskararen egoera, itsasaldia bezala, Madril zein bere instituzioen eskutik ematen diren oldarraldien menpe. Izan ere, muga da konstituzioa, Euskal Herri Langilea sumituta eta azpiratuta mantentzen duena. Langileon miseria eta esplotazioa betikotzen eta haundi-maundien mozkinak bermatzen dituena.

Baina, noski, badago zapaltzen gaituztenek inposatutako instituzioen eskutik alternatibak eta askatasuna lortuko dugula saldu eta sinisten duenik. Beraz, lasai egotea dugu. Erreformak geldoak badira ere, bere bidea hartzen ari direla esaten digute batzuek. Baretasuna eta otzantasuna izan behar dira nagusi, antza. Badirudi ez dela hainbeste igaro 1978ko abenduaren 6tik. Noiz arte jarraituko dugu fartsarekin, ordea? Noiz arte egongo gara bestaldera begira, askapenaren egikaritzea hurrengo egunerako uzten? Batzuek konstituzioaren eguna urteurrenera mugatzen duten bitartean, beste batzuok Durangon izango dugu hitzordua abenduaren 6an, apurketa demokratikoaren eskutik ibilbidea egiten hasteko eguna iritsi baita jada. Amaitu egin behar dira itxurak eta hitz hutsak. Euskal Herri Langileak lepoan duen uztarria kentzeko eta bere ibilbidea jorratzen hasteko garaia da.

Gehiago honi buruz: Jarki