JARKI antolakunde iraultzailearen 2025eko Gudari Eguneko irakurketa
Gudari hitzak ez die bakarrik Euskal Herriaren alde borrokatutakoei edota honengatik dena eman dutenei erreferentzia egiten. Gudariak azpiratutako herri baten sinboloa dira. Irauli beharreko egoera eta apurtu beharreko kateen aurreko askatasun ikurra. Konpromisoa azken bururaino bere eginez, sasiarekin uztartuta dago gudari hitza. Ekintzek bezala hitzek ere badaukatelako bere garrantzia. Injustizia, jazarpena ez baita bakarrik ekintzen bitartez egikaritzen. Hauek atzean dituzten ideiei erreparatu beharra dago. Eta etsaia oso kontziente da horretaz. Eta Euskal Herriko kaleak ez ezik, errelatoa dugu gudu-zelai.
Bide horretan, jazarpena pairatu arren, ez dugu zertaz lotsatu. Ez gara hanka-puntetan ibiliko. Argi eta ozen defendatuko ditugu gudarien borroka eta euren ideien zilegitasuna, gudarien borrokaren bitartez ehundua baita Euskal Herri Langilearen askatasunaren ibilbidea. Gudarien bitartez pasatzen baita Euskal Herri Langilearen askapenerako alternatiba politikoaren egikaritzea. Horrela, gaurkoa ez da oroitzapenerako eguna edota galdu ditugunak gogora ekartzeko eguna. Gaurkoa Euskal Herri Langileak gudarien figura aldarrikatu, eta hauek aurrera eramandako borrokarekin bat eginda, hau azken bururaino eramateko prestutasunean berresteko eguna dugu.
Izan ere, etsaiaren mugen neurrirako diskurtso eta planteamenduen bitartez ez dago biderik. Horrela, ez gara mutu geratuko, ez gara ezkutuan arituko. Ez ditugu gure ideiak eta diskurtsoa moldatuko, gudarien figura desitxuratzeko edota gaurko eguna urtemuga hutsalera murrizteko. Ideien gudak konfrontazioa baitauka oinarri. Euskal Herriaren askapenaren aldeko borroka konfrontazioaren bitartez gauzatuko den bezala. Eta itxurakeria eta oportunismo politikoak ez daukate lekurik alternatiba iraultzailearen eraikuntzan. Unean uneko oihartzunaz haratago, askapenerako borrokan sakontzeko baldintza politikoak errotzen ez dituzten bitartean.
Ez dugu ere ez gudarien afera frankismoaren garaietara bakarrik mugatuko, etsaiaren begietan onargarria den diskurtso publikoa sostengatzeko bidean. Batetik, espainiar estatuaren eskutik ez ezik, frantziar estatuagatik ere jazarria baita Euskal Herri Langilea. Bai nazio, bai klase parametroetan, bi estatu hauen azpirazioan idatzia izan baita orain arte Euskal Herriaren historia. Eta, bestetik, ukazioak eta errepresioak, nahiz eta frankismo garaitan bezain agerikoa eta bortitza ez izan, ustezko demokraziapean, oraindik ere, erro berdina daukatelako. Euskal Herriko zapalketek, horiei aurre egiteko borrokek bezala, lehengo lepotik baitaukate burua.
Eta itxurakeria horren baitan ez duguna egingo da, inoiz, sekula proiektu politiko iraultzailearen egikaritzean eguneroko lan apal baina beharrezkoaren oinarria den militante hitza baliatuko, gudari terminoa erabiltzea ekiditeko. Era zintzo eta garbian eraman behar baitira lantzen diren dinamikak. Gu oso harro baikaude Euskal Herri Langilearen borrokaz, baita eusko gudarien jardunaz ere. Eta bestelako planteamenduak sostengatzea ez da bakarrik euren hilotzen gainean tu egitea, baizik eta etsaiari men eginez herri langilearen borroka guztiari uko egitea. Eta hor datza mugimendu iraultzaileak sostengatu behar duen ideien gudaren muina eta bere ekintzak motibatu behar dituen ideien erroa.
Antolakuntza eta borroka ez baitira lelo hutsalak. Mugimendu iraultzailearen jardunaren ipar izan behar diren printzipioak dira. Estatuen boterea eta nagusitasuna borrokatzeko, antolakuntza halabeharrezko baldintza baita. Ez baita egongo garaipenerako betarik, Euskal Herrian ondo antolatutako alternatiba iraultzaile bat gorpuztu barik. Eta ez da benetako alternatiba iraultzailerik egongo, Euskal Herri Langilearen askapenari begira gainditzea halabeharrezkoak diren klase eta nazio zapalketa borrokatu barik. Independentzian eta sozialismoan baitatza Euskal Herri Langilearen iparra. Eta hori izango da gudarien eskutik emandako borrokatik eratorritako azken emaria, Euskal Herriaren askatasunaren ateak parez pare ireki behar dituena. Beraz, jarki gaitezen, antolatu ditzagun borroka esparruak. Jorratu dezagun bidea eta gorpuztu dezagun Euskal Herriko alternatiba iraultzailea.
Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herri sozialista! Gora eusko gudariak!