Datorren azaroaren 29an hauteskunde orokorrak deitu dituzte espainiar estatuan. Horren aurrean, sektore anitzetatik, tematuta daude egoera modu dikotomikoan aurkezten. Alde batetik, bloke ultraeskuindarra egongo litzateke eta bestetik bloke progresista. Azken hauen arabera, ultraeskuindarrak irabaziz gero, faxismoa agintera itzuliko litzateke eta hortaz, honi irtenbidea emateko eta faxismoa gelditzeko bloke progresistaren alde egin beharra dago.

Esan gabe doa, eskuin muturreko koalizio baten garaipenak Euskal Herri Langilearen kontrako zapalkuntza areagotzeko aukera berekin dakarrela: Esplotazioan zein kontrol sozialean sakontzea, bizi baldintzen kaskartzea, bizitzaren garestitzea, militantzia politiko antolatuaren aurkako erasoak biderkatzea edota gerra inperialista biziagotzea aurreikusgarria da. ‘Bloke progresistak’, baina, ez du inolako soluziorik eskaintzen afera hauen aurrean. Areago, espainiar estatuko gobernuan egondako 8 urte hauetan aurrera eramandako politikek kontrakoa adierazten dute, astintzen ari diren mamu hori jadanik haiek eraikia dela: Defentsarako aurrekontuak eta NATOra bideratutako finantziazioa handitu dituzte; Indar errepresiboen kopuru zein soldata hazkundea sustatu dute eta herri mugimenduan infiltrazio polizialak sistematizatu dituzte; Pandemiaren aurrean militarizazio, autoritarismo eta kontrol sozialean sakondu zuten; Herrialde Katalanetan abiatutako ‘proces’-aren aurrean espainiar konstituzioko 155 artikulua babestu zuten, etxegabetze azkarretarako legeak onartu dituzte eta urte hauetan guztietan ez dute mozal legea bertan behera uzteko inolako asmorik adierazi. Hori da Euskal Herri Langilearen begietan aukera ‘txarrenetan onena’ gisa aurkeztu nahi duten irtenbidea.

Gainera, gaur egun Euskal Herrian nabaria den despolitizazio eta desmobilizazio egoera aintzat hartuta, estatu zapaltzaileetako hauteskundeek, funtsezko papera betetzen dute asimilazio nazionalaren prozesuan. Bozken bitartez, gure klase zein nazio zapalkuntza ahalbidetzen duten instituzioetan parte hartzea sustatzen dute, Madrilera edo Parisera begira jarrai dezagun, gurean klase kontzientzia nazionala arrakalatzen jarraitzeko.

Gauzak horrela, argi dago ez ultraeskuina ezta delako bloke progresista ez direla alternatiba politiko bat Euskal Herri Langilearentzat. Areago, nabarmentzekoa iruditzen zaigu, progresismoaren aldeko hautua, ‘txarrenetan onena’ den alternatiba baten aldeko hautua, langileok pairatzen ditugun zapalkuntzak ezkutatu eta betikotzeko iruzurra dela eta kasu honetan gainera, Euskal Herri Langilearen etsaia den burgesia espainolaren sektore baten zuriketa aurrera eramaten dela.

Horren guztiaren aurrean gure eginkizunak finkatzea ezinbestekoa da. Bizi dugun garaiotan, politika burgesarekiko hazkundean dagoen atxikimendu falta, askotan abstentzio forma hartzen duena, kontzientzia eta antolakuntza iraultzaile bilakatu beharra dago. Ildo horretatik, Euskal Herri Langileak bizi duen atsekabe eta ezinegonari orientazio iraultzailea ematea berebizikoa da. Honen parte hartzea politika burges eta espainolistari begira jartzea baino, Euskal Herri Langilearen kontraboterea izan behar diren instituzio propioen eraikuntzara bideratzea sustatu beharra dago. Hau da, frantziar zein espainiar estatu burgesen kontrolpetik kanpo egongo diren eta langile klasearen interesei erantzungo dieten instituzioen eraikuntzara. Euskal Herriaren askatasuna ez da inolaz ere espainiar edo frantziar estatuen instituzioetatik etorriko. Independentzia eta sozialismoa soilik Euskal Herri Langileak bultzatutako Klase Eraikuntza Nazionalaren bitartez gorpuztu ahalko da. Beraz, jarrai dezagun norabide horretan lan egiten.

Estatu burgesen aurrean, Euskal Herria askatu! Langile kontraboterea eraiki!