Maiatzaren Lehenean JARDUN koordinadorak plazaratutako irakurketa

Mugak eta banaketa. Hori da frantziar eta espainiar estatuok Euskal Herri Langileari inposatu eta honen artean sustatzen dutena. Hori dela eta, gaur Maiatzaren Lehenean hautatutako lekua ez da ausazkoa, Irun eta Hendaiaren artean aurkitzen den zubi hau frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herriaren aurka baliatzen duten elementua baita. Ederto irudikatzen dituena estatuok mugak inposatzeko eta banaketak hauspotzeko duten grina. Euskal Herria jazarri eta okupatzen duten bi estatuok eraikitako muga artifiziala badugu ere, euskaldunon artean nazio gisa sortzen dituen arrakalak errealitate bat dira. Euskal Herri bateratuaren egikaritzea ekidin eta Ipar zein Hego Euskal Herriko langileok banatzen gaituen muga artifiziala. Banaketatik arrakalak sortu eta Euskal Herriaren nazio izaera ukatzea zein nazio kontzientzia deuseztatzea xede duena. Jazarpenaz, kolpeez eta mehatxuez gain, banaketa baita estatuok Euskal Herri Langilearen aurka baliatzen duten arma.
Eta prozesu horretan mugek funtzio berezia betetzen dute, lan esku etorkina biolentatu eta diziplinatzeko mekanismoak baitira bai frantziar, bai espainiar estatuentzat. Bertokoen eta kanpokoen arteko bereizketa sortuta, Euskal Herri Langilearen batasunaren gauzapena ekidin eta burgesiaren mesedepeko erreakzioa elikatzen laguntzen dutenak. Euskal Herriko Langileok ondo ezagutzen dugun dominazioa baita kapitala eta bere borreroen lengoaia, kapitalismoan herrialdeen arteko harreman inperialistak direlarik araua.
Bide horretan, tamalez Donbassen, Palestinan zein munduko beste hamaika txokotan ikus dezakegun bezala, Europar Batasunak eta, Euskal Herriari dagokionez, honen parte diren frantziar eta espainiar estatuek gerra eta gatazka sustatzen dituzte. Herrialdeen arteko dominazio harreman inperialista horiek baitira kapitalak bizi duen krisi ekonomikoari aurre egiteko baliatzen duen formula. Periferiako herrialdeen gainesplotazioaren lepora zentro inperialistako herrialdeetako bizi maila mantentzea ahalbidetzen diona. Kapitalak krisiari aurre egiteko irabaziak metatzen jarraitu, eta burgesen mozkinei zein nagusitasunari eusteko bere beharrizanen neurrirako etsaia asmatu eta gorpuztu duelarik etorkinengan. Era horretan, Euskal Herriko langileriaren estraturik zaurgarriena jarri dute jopuntuan, baldintzarik okerrenak dituzten eta inork nahi ez dituen lanpostuak betetzen dituzten horiek, Euskal Herri Langile osoaren baldintzak kaskartzeko tresna gisa baliatzen dituzten bitartean. Horrela, lana lapurtu eta lan indarraren balioa merketzen dutenen mamua astinduta, arrazakeria eta xenofobiari bide ematen dihardute banaketa baliatuz, hauek Euskal Herri Langilearen barrenean arrakala gisa errotu daitezen. Hau bermatzeko, Atzerritartasun Legeak, arrazakeriak itsututako txakurren jarduna, inpunitatea eta batez ere gaur hemen dugun muga artifiziala baliatzen ari dira. Hortaz, gu gaur ez gaude hemen banaketa hori elikatzeko, ezta hauspotzeko ere. JARDUN koordinadoratik etsaiaren banaketaren sinbolo diren mugen aurrean Euskal Herri Langilearen batasuna aldarrikatzeko gaude gaur hemen. Estatu zapaltzaileen mugez gaindi, Euskal Herriko langileon jatorriaz gaindi, Iparralde zein Hegoalde, bertako zein etorkin, Euskal Herrian bere lan indarra saltzera kondenatuta dagoen oro baita Euskal Herri Langilearen parte. Eta Euskal Herri Langileari dagokio banaketa sustatzen duten joera arrazistak borrokatzea, estatuen asimilazio estrategiei zein honetatik eratorritako nazio zapalkuntza eta muga arrotzei aurre egitea. Eta guri dagokigu dominazio harreman inperialistak eta gerrara kondenatu nahi gaituzten frantziar eta espainiar estatuei zein Europar Batasunari jarkitzea. Beraz, sozialismoaren bidean, Euskal Herri Langilea batu!