EUSKAL HERRI LANGILEAK APURKETA!
JARKI antolakunde iraultzaileak abenduaren 6an arratsaldeko 19:00etan antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dio Euskal Herri Langileari.
Abenduaren 6an, Euskal Herri Langileak hitzordua dauka Durangon. Ez soilik momentuko egoera politikoari zein problematika zehatzei erantzuteko, baizik eta Euskal Herriak pairatzen duen klase zein nazio parametroetako zapalkuntzaren erroei aurre egiteko. Izan ere, Espainiar Konstituzioa arroztasunetik egunero Euskal Herriko langileok bizi dugun errealitatearen iturburua dugu. Denok baikaude konstituzioaren menpe. Sentitzen garena sentitzen garelarik ere, ihes egin ezin diezaiokegun errealitatea baitira bai frantziar, bai espainiar konstituzioek Euskal Herrian eraikitako hormak. Bi estatuok Euskal Herriaren etorkizunaren jaun eta jabe baitira eurek inposatutako eta euren neurrira idatzitako konstituzioen pean.
Baina noiz arte egon beharko da Euskal Herria Frantziaren eta Espainiaren menpe? Noiz arte jarraitu beharko du Euskal Herri Langileak zanpatuta eta bere nazio izaera ukatuta?
Tantaz tanta disolbatu nahi dute Euskal Herria euren estatuen proiektu politikoaren baitan. Egun Euskal Herrian bizi ditugun zapalkuntza eta injustiziak konstituzioetatik eratorritako errealitatearen islaren gainean eraikiak baitira. Jabetzaren eta menderakuntzaren logikan funtzionatzen duen errealitatea, Euskal Herriko langileok morrontzara eta azpiraziora kondenatzen gaituena.
Baina jakin badakigu alternatiba egon badagoela. Euskal Herriko langileon esku baitago inposatzen diguten errealitate horrekin apurtu, eta Euskal Herri independente eta sozialista baterako ateak parez pare ireki behar dituen errealitatearen eraikuntza.
Bide horretan, estatuok inposatutako instituzio, legedia eta erregimenekiko apurketa beharrezkoa da. Beharrezkoa da Euskal Herriko langileon mesedepeko kontraboterea oinarri duen alternatiba iraultzailearen eraikuntzarako. Beharrezkoa da Euskal Herriko langileak azpiratuta mantentzen dituen uztarria apurtu, eta esplotaziorik zein zapalkuntzarik gabeko etorkizunari bidea emateko. Beharrezkoa da Euskal Herriko nazio izaeraren aitortzarako ez ezik, hau bere etorkizunaren lemaren jabe ere izateko. Apurketaren bitartez igarotzen baita estatuen botere eta neurrigabekeriaren amaiera eta Euskal Herriko langile klasearen proiektu politikoaren gauzapena.
Horrela, JARKI antolakunde iraultzailetik, abenduaren 6an arratsaldeko 19:00etan antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen diogu Euskal Herri Langileari. Apurketaren bidetik eta konfrontazioaren bitartez bakarrik onduko baitugu Euskal Herriaren etorkizuna.
Abenduaren 6an denok Durangora!
Euskal Herri Langileak apurketa!