Amnistia ezinbesteko baldintza da Euskal Herriaren askapen prozesuan
Amnistia eguna dela eta berriak Askeko kideei egindako elkarrizketa.

Amnistia Eguna antolatu du Aske antolakundeak larunbat honetarako Senperen, eta berau prestatzen aritu dira Larrun Aranzabal Adin (2004, Urruña, Lapurdi) eta Kai Karasatorre Martinez (1999, Etxarri-Aranatz, Nafarroa). Jardun koordinakundearen parte da Aske taldea, eta errepresioari aurre egiteko baliabide ekonomiko eta juridikoak sortzea da haren helburua. Errepresioaren errealitatea sozializatu eta salatu nahi dute, eta amnistiaren aldarrikapena kaleetan zabaldu. «Errepresioa aipatzen dugunean ez dira kasu isolatuak, estatu kapitalisten barneko interesen araberakoak dira», esplikatu du Aranzabalek. Errepresioaren kontrako kanpaina aurkeztu zenuten Senperen martxo bukaeran.
KAI KARASATORRE MARTINEZ: Poliziaren bortizkeriaren aurrean Euskal Herri langilea batu lelopean abiatu genuen kanpaina. Ulertzen dugu Euskal Herria ez dela salbuespena mundu mailan gertatzen ari den krisian. Eta beharra ikusten dugu, alde batetik, salatzeko eta begi bistan uzteko zein den Poliziaren funtzio soziala gizarte kapitalistan, eta, bestetik, Euskal Herriko langileriari baliabideak emateko hori ikus dezan eta ez dezan normalizatu. Horrez gain, Poliziaren indartzea eta militarizazioa ere salatu nahi ditugu.
Uste dugu krisi honetan Euskal Herri langilea altxatuko dela, kontzientziazio bat eta erradikalizazio bat gertatuko direla. Eta ondorioz, bai Espainiako eta bai Frantziako Estatuek eskura dituzten baliabide errepresibo guztiak erabiliko dituztela. Horregatik Poliziaren indartzea. Zertan datza indartze hori?
KARASATORRE: Ertzaintzari dagokionez 8.000 ertzain izatera iritsi nahi dute; 800 ertzain gehiago 2030erako. Nafarroan 1.400 polizia foral izan nahi dute 2027rako —ia 300 gehiago—. Komisaria berriak egiten ari dira; adibidez, Senperen. Horregatik erabaki genuen Amnistia Eguna bertan egitea. Eta datuek erraten dute 4.000 txakur baino gehiago daudela Euskal Herrian, hau da, 100.000 biztanletik 482, udaltzaingoak kontatu gabe.
Maiz erran izan da Euskal Herria dela biztanleko polizia gehien duen lurraldeetako bat. Gatazka armatua bukatu eta hamar urtera, ez da apaldu?
KARASATORRE: Ez. Azken finean, nahiz eta oraintxe bertan ez egon gatazka edo borroka armatu bat, badago gatazka politiko handi bat Euskal Herrian; horregatik izan du gorakada Poliziak, eta horregatik eutsi zaio errepresioari.
LARRUN ARANZABAL ADIN: Gehitu behar da ere polizia munizipalak orain berriki armatu dituztela Donibane Lohizunen edo Hendaian (Lapurdi); horrek denak piztu du gure haserrea. Poliziaren lana da militantzia politikoan aritzen den edozein pertsona edo antolakunde oztopatzea. Epaiketen bidez edo ekonomikoki itoz, aurrera segi ez dezan saiatzen dira, badakitelako baduela kristoren potentziala. Badituzte baliabideak injustizien aurrean plantan ezartzen den edozein mugimendu oztopatzeko.
Zein dira errepresio horren adibideak?
KARASATORRE: Euskal Herria bi estaturen menpe denez, helburua berbera da, baina errepresioa modu ezberdinean antolatzen da. Hego Euskal Herrian Mozal Legea bezalakoak ikusten ari gara; asumitu ezin diren isunak ezartzen dituzte militantzia politikoa itotzeko eta antolakunde politiko horiek kontrolatzeko.
ARANZABAL: Ipar Euskal Herrian ez dugu halako legerik, baina bada Sirasco entitatea, adibidez, jarraipenak egiten ibiltzen dena [Frantziako Krimen Antolatuaren Gaineko Informazio, Inteligentzia eta Analisi Estrategikoko Zerbitzua]. Militanteen atzetik doaz, dosierrak betetzen, eta halako batean badira atxiloketak eta epaiketak. Ez dute egiteko molde bera, baina azkenean helburua eta ezartzen duten indarra ere berberak dira. U14ko kideen epaiketan jakin zen baliabide antiterroristak erabili zituztela.
KARASATORRE: Bai, eta gainera ez ziren epaituak izan ekintza konkretu bategatik, militantzia politikoagatik baizik. Frantziako Estatuak mezu argia ematen du: izua sortzea militantziari.
ARANZABAL: Horren guziaren erantzuleak Frantziako eta Espainiako Estatuak dira, eta baita euskal burgesia ere.
Amnistia Eguna antolatuko duzue bihar Senperen.
ARANZABAL: Urteak daramatza Askek Amnistia Eguna antolatzen, eta aurten Senperen antolatu nahi izan dugu, komisaria berria egin nahi dutelako bertan. 6,3 milioi ezarriko dituzte obretan, eta hogei jendarme berri instalatuko dituzte. Poliziaren infiltrazioei buruzko mahai ingurua egingo dugu goizean, Irlandako, Espainiako eta Kataluniako kolektiboetako kideekin. Bazkalondoren militanteen lekukotasunak izanen dira, eta azkenik manifestazioa. Ezagutzen duzue azken urteetan Euskal Herrian izan den infiltrazio kasurik?
KARASATORRE: Zehazki infiltrazioak ez, baina helburu bera duten jazarpenak bai, eta baita kolaborazio eskaerak ere. Koordinakundeko kide bati kolaborazioa eskatzera joan zitzaizkion Euskal Herritik kanpora zegoen batean.
ARANZABAL: Jazarpena egunerokoa da. Amnistiaren aldarrikapena plazaratu nahi duzue.
KARASATORRE: Uste dugu amnistia ezinbesteko baldintza dela Euskal Herriaren askapen prozesuan, guretzat amnistia ez delako bakarrik euskal preso politiko eta iheslari guztien askatasuna; borroka horren zilegitasuna eta preso horiek borrokara eraman zituzten zapalkuntzen gainditzea ere bada. Euskal Herria nazionalki eta sozialki zapalduta dagoenez, independentzia eta sozialismoa aldarrikatzen ditugu.