Arrasaten 'ongi etorri'-en auziko akordioak ekarriko dituen ondorio larrien inguruko adierazpena burutu dute hainbat preso politiko ohiek.

Ehun preso ohiren eta hamaika euskal preso politikoren izenean egin dute.

Arrasaten 'ongi etorri'-en auziko akordioak ekarriko dituen ondorio larrien inguruko adierazpena burutu dute hainbat preso politiko ohiek.
2025eko uztailaren 19an

Nabariak izaten ari dira askapenaren bidean, hau da, Euskal Herri independente eta sozialista baten eraikuntzari begira ematen ari diren atzerapausoak. Izan ere, ez dira berriak frantziar eta espainiar estatuek euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen elkartasuna errotik mozteko sustatzen duten kriminalizazioa zein aurrera daramatzaten debekuak.

Ildo horretatik, azken urteetan estatuek emandako pausoak ezin dira neurri juridiko hutsal gisa ulertu, estatuok Euskal Herriak bere askapen prozesuan zapalkuntzari aurre eginez eramandako askapen borrokaren zilegitasuna ukatzen jarraitzeko pausoak baitira. Zapaldutako herri baten askatasun egarria ito eta izaera kriminaleko aldarrikapen gisa kokatu nahi duten pausoak, estatuok Euskal Herriaren azpirazioa betikotzeko honen kontra sostengatzen duten dominazio eta jazarpen estrategiaren logikan ulertu behar direnak, halabeharrez.

Era horretan, ongi etorrien aferaren inguruan martxan jarri duten azken fartsa judizialaren harira, askapen borrokaren oinordekotzat jotzen direnen eskutik erdietsitako azken akordioak borreroen egia geure egin, eta jazarpenean tematuta daudenen ateak parez pare ireki nahiz honetan murgiltzeko baldintzak erraztu dizkiete, bai maila juridikoan, bai ideologikoan zein diskurtsiboan. Iragana baliatuta, hau aitzakia gisa hartuta, etorkizuneko Euskal Herriaren aldeko borrokaren zilegitasuna da auzitan jarri dutena. Euskal Herriaren bakearen bidean egindako akordiotzat saldu duten horrek Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokaren kriminalizazioa eta etsaiaren egiaren inposizioa suposatzen du. Hain zuzen ere, gu bezala Euskal Herriarengandik elkartasuna jaso dugun milaka eta milaka militante polikoren borrokaren zuzentasuna auzitan jartzen duena.

Horrenbestez, kezkaz eta larritasunez bizi dugu bakearen izenean ematen ari diren ustezko pausoak frantziar zein espainiar estatuen jazarpena elikatzen egotea. Askapen borrokak dirauen bitartean, honek aurrera egiten duen heinean, estatuon jazarpena eta honetatik eratorritako ondorio errepresiboen areagotzea emango da. Beraz, gure posizio xumetik, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen sostengu eta elkartasunaren aurkako kriminalizazioari begira emandako aurrerapausoa salatu nahi dugu. Eta, bide batez, euren militantzia politikoaren ondorioz jazarritakoekiko elkartasuna indartu eta Euskal Herriaren askapen borrokan murgiltzeko deia ere luzatu nahi dugu.

Gehiago honi buruz: Aske