Israelek Iranen aurka abiarazitako erasoaren harira

Israelek Iranen aurka abiarazitako erasoaren harira
2025eko ekainaren 16an

Ekainaren 13an Israelek Iranen kontra abiarazitako eraso inperialista irmoki salatu nahi dugu. Honezkero, entitate sionistak 230 pertsona inguru erail eta 1.300etik gora zauritu eragin ditu. Lehen erasoak Irango buruzagitza militarra izan zuen jopuntu, herrialdearen aginte militarra erauzteko helburuarekin. Halaber, Irango programa nuklearreko hainbat zientzialari ere izan ziren erailak. Azken egunotan, askotariko hornikuntza instalazioak bonbardatzeaz gain, hirigune nagusietan ere zibilen aurkako erasoak burutu dituzte, bonbardaketa, auto-bonba edo drone bitartez.

Eraso hau kokatzeko nahitaezkoa da Iranek Asia Mendebaldean jokatzen duen papera ulertzea. Izan ere, Iran Erresistentzia Ardatzaren zutabe nagusia da, izaera antiinperialista eta antisionista duen aliantza honen muina, alegia. Iran gabe, zaila litzateke Palestinar edo Libanoar Erresistentzien gaitasuna eta hauen biziraupena ulertzea. Hornikuntza, logistika, aholkularitza eta inteligentzia militarra eskaintzen die eskualdean Mendebaldeko inperialismoari eta sionismoari aurre egiten dieten erresistentzia indar guztiei. Beraz, entitate genozidak NATOko herrialdeen babesarekin eta arabiar erregimen erreakzionarioen kolaborazioarekin abiarazitako eraso inperialista hau Iranek palestinar herriaren alde eta sionismo zein inperialismo atlantistaren aurka betetzen duen funtzioagatik gauzatu da. Beraz, testuinguru horretan kokatu behar dugu.

Era berean, nabarmentzekoa da gertakari hau ez dela edozein momentutan etorri. Ezin ditugu ahaztu iazko Siriar Arabiar Errepublikaren eraisketa eta Hezbollahren aurkako kanpaina, Erresistentzia indar libanoarra higatzea lortu zuena. Gertakari hauek sionisten mesedepeko testuinguru bat sortu zuten, Iranen aurkako egunotako operazioa ahalbidetu duena. 

Hortaz, Iranen aurkako erasoa ezin dugu modu isolatuan ulertu, Mendebaldeko inperialismoaren hegemonia mundialaren gainbehera testuinguruan baizik. Mundua koordenada multipolarretara mugitzen ari da, eta NATOko herrialdeei ezinbestekoa zaie Asia Mendebaldeko zonaldea kontrolpean edukitzea. Zentzu horretan, Mendebaldeko potentzien menderakuntza saiakerei aurre egiten dieten herriak jopuntuan jartzen dituzte, eta hor kokatu behar dira, hain zuzen ere, Libia, Siria, Libano, Yemen edo Iranen aurkako erasoak. Horren aurrean, eta egunotan jasaten ari den eta jasango duen kriminalizazioaren aurrean, Iranek bere burua defendatzeko erabateko zilegitasuna daukala adierazi nahi dugu, ezbairik gabe. 

Areago, azpimarratu egin nahi dugu Iranen kontraofentsiba honek entitate sionistaren funtsezko oinarria kolpatzen duela: kolonoen nagusitasuna eta hauen segurtasuna. Aurrera eramaten ari diren erasoek ideia argi bat hedatzen dute kolonoengan: okupatutako lur palestinarrak inoiz ez dira bizitzeko toki seguru bat izango kolono sionistentzat. Honek entitatearen proiektuaren biziraupenean zuzenean eragiten du. Izan ere, zentzu estrategikoan, kolonoen segurtasuna kolokan jartzeak gero eta kolono gehiagok alde egitea eta gero eta gutxiago bertara bizitzera joatea eragiten du.

Kausa antisionista eta antiinperialista herri langileon kausa da. Horrenbestez, une honetan Iran jasaten ari den eraso inperialistaren aurka eta honek entitate sionistaren eta NATOren aurka aurrera daraman konfraofentsibaren alde lerratzea dagokigu.

Gehiago honi buruz: Jarki