2025eko Aberri Eguneko JARDUN-en irakurketa

Bi estatuen menpe bizi da Euskal Herria. Eta hor dugu, hain zuzen ere, arazoaren erroa. Euskal Herriko langileok gure egunerokotasunean bizi dugun errealitateak, pairatzen ditugun zapalketek, gure miseria guztiek egia horretan dute muina. Horrela, estatuon asimilazio estrategiapean ahulduz doan garra da Euskal Herria, azpiratuon egoskorkeriagatik iraun eta borrokaren ekarpenari esker handituz doana. Eta horra hor, nazio eta klase zapaldu gisa Euskal Herri Langilearentzat biziraun ez ezik, aurrera ere egin nahi baldin badu, borrokatzea ez da aukera bat, beharra baizik. Borrokan eraikitzen du Euskal Herri Langileak bere etorkizuna, hortaz.
Baina nora? Eta hor datza gakoa. Zelakoa da eraiki nahi dugun Euskal Herria? Zein da Euskal Herriko langileon proiektu politikoaren gauzapena duen forma? Bizirautea ez baita nahikoa. Eta erresistentzia etsaiaren aurrean halabeharrezkoa suertatzen bada ere, aurrera egin nahi baldin badugu, argi izan behar dugu nora goazen eta zein den bidea. Zapalduon eskutik eraikiko baitugu Euskal Herriaren etorkizuna, herri honetako langileon eskutik, alegia. Bakarrik zapalduok baitaukagu, bidegabekeriak geure azalean pairatzen ditugunez gero, hauek irauli eta inposizioekin apurtzeko borondatea eta beharra. Burgesia eta euren borreroak, euren posizioa hobetzeko ez baldin bada, eroso baitaude status quoan, euren neurrira eraikia den heinean.
Eta hor dugu hautua. Euskal Herriaren suntsiketa estrategia eta markoen kontura mozkin ederrak langileon kontura lortzen dituen euskal burgesiaren eskutik joan. Hain zuzen ere, egoera ekonomikoa aldekoa zaionean, espainiar eta frantziar estatuen eta eurek inposatutako instituzioen bidelagun leiala izan ez ezik, estatuon asimilazio estrategia ere birproduzitzen duen burgesiaren eskutik. Edo zapalduon batasunetik estatuekiko eta euren morroiekiko konfrontazioari eustea. Estatuen instituzioetatik, hauek markatutako bidetik ez baitago aurrera egiterik, ez dago askatasuna lortzerik, hauek Euskal Herri Langileak pairatzen dituen zapalketen parte eta arduradun direnez gero.
Eta hor daukagu espainiar eta frantziar estatuok sustatzen ari diren militarizazio prozesua. Burgesak, euren jatorriak jatorri, jada hasiak dira fabrikak moldatzen eta hauek armagintzaren mesedepera egokitzen. Eurek beti aurkituko baitute, heriotzak eta miseriak axola barik, mozkina nondik lortu. Eta bien bitartean, beharginok biziraun nahi baldin badugu, munduko beste langileon biziraupenarekin amaitzera bideratutako merkantziak ekoiztera behartu nahi gaituzte.
Baina zein da borrokatu beharreko etsaia? Prest al gaude inperialismoaren mesedepean gainerako herrien suntsiketaren konplizeak izateko? Ez baitira nazio arrotzak edota bestelako estatuak burgesek etsaitzat jotzen dituztenak, euren interes ekonomiko eta geopolitikoak kolokan jarri edota hauentzat mehatxua suposatzen dutenak baizik. Eta jada hasiak dira gerraren danbor hotsen doinuak, eta hasi dira lehengo mamuak lekua hartzen. Hasi da olatu erreakzionarioa dena blaitzen. Hasiak dira etsaiak markatzen. Langileok pairatzen ditugun hamaika zapalketa langileon arteko banaketa, ezinikusia eta etsaitasuna sustatzeko baliatzen dira. Alde batetik, kapitalaren interesak eta xedeak aurrera eramateko. Eta, bestetik, langileon metatutako amorrua nori bideratu markatzeko, eta, aldi berean, langile klasearen potentzialtasun iraultzailea indargabetzeko.
Baina burgesia ez da tronpatzen. Trikimailuak trikimailu, argi dauka zein den bere benetako arerioa eta mendean mantendu behar duen aurkaria. Ez baita kasualitatea aipatutako testuinguruan estatuok txakurren kopuru eta militarizazio prozesuan sakontzen aritzea. Eurek ondo baitakizkite jorrarazten ari diguten bideak edukiko dituen ondorioak. Eta ederto prestatzen ari dira hauetatik eratorri daitezkeen askatasun grinak jazarri eta suntsitzeko baliabideak. Eta horretan ere euskal burgesia bidelagun leialtzat daukate.
Hala ere, ez digute ziria sartuko. Suntsitu eta miseriara kondenatu nahi gaituztenen aurrean, otzantasuna, adiskidetzea eta elkarbizitza bezalako planteamenduek etsaia baino ez dute indartzen. Etsaiaren posizioa indartu, honek langileon artean ezarritako banaketaren haziak ernatu eta bere galbiderako ibilbidean lerratzen du Euskal Herria, Euskal Herri Langilearen potentzialtasun iraultzailea txakurren esku-hartze zuzen barik indargabetzen duten punturaino. Argi izan dezagun, beraz, zeintzuk diren gure bidelagunak, zeren gainean eta zelan eraiki nahi dugun batasuna. Euskal Herriko zapalduon batasuna baita bakarrik Euskal Herriaren gauzapena ahalbidetuko duena.
Eta askatasunerako bidea ez dago frantziar eta espainiar instituzioetatik jorratzerik. Hauek etsaia Euskal Herri Langileari emateko prest dagoen hondarrak baino ez dira, zapalduak gure jazarpenaren administratzaile bilakatzeko xedea daukatenak. Hortaz, konfrontazioaren eskutik egingo du aurrera Euskal Herriak, frantziar eta espainiar estatuekiko zein euren bidelagunekiko konfrontazio sistematikoaren bitartez eraikiko dugu herri honen etorkizuna. Inposatzen digutena onartu barik, euren normaltasuna auzitan jarriz bakarrik eraiki ahalko dugu emandako pausoen egikaritzea suposatu behar duen kontraboterea.
Eta horren gainean gorpuztu beharra dago Euskal Herriko langileon arteko batasuna. Guk argi baitaukagu independentzia eta sozialismotik igarotzen dela Euskal Herriaren egikaritzea. Hori da gure helburu eta iparra. Eta bide horretan egingo dugu aurrera. Beraz, batu gaitezen, antolatu gaitezen eta eraiki dezagun Euskal Herri Langilearen neurrirako alternatiba iraultzailea.
Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herri sozialista!