ASKE antolakundeak Amnistia Egunean plazaratutako irakurketa

2025eko ekainaren 10ean

Amnistia Eguna Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza salatzeko eta honen aurrean burutzen den borrokaren zilegitasuna aldarrikatzeko eguna dugu. Azken urteotan, poliziaren normalizazioa bizitzen ari gara Euskal Herrian, bere funtzio sozialaren gaineko salaketa egiteari utzi, eta polizia demokratikoaren gisako ereduak saldu nahi dizkigutelarik. Egoera honek poliziaren existentzia bera normalizatzeaz gain, bere egiturazko funtzioa ezkutatzen du. Hori gutxi ez balitz, polizia kantitatea gero eta handiagoa den eta bere bitartekari errepresiboak indartzen ari diren testuingurua dugu begien aurrean. Ildo beretik, poliziaren militarizazioa ematen ari da. Polizia mota guztiak formakuntzaz eta material militarrez hornitzen ari dira, bitartekari teknologikoetan etengabeko inbertsioak egiten ari diren bitartean. Ondorioz, jada militarizatuta dagoen Euskal Herrian okupazio militarra are gehiago handitu dute, helburu argi bat izanda: Euskal Herriaren zapalkuntza nazional eta soziala betikotzea.

Hau guzti hau, Euskal Herri Langilearen bizi baldintzak kaskartzen doazen, eta espainiar zein frantziar estatuen partetik antolakuntza politikorako eskubideak gero eta urratuagoak eta kriminalizatuagoak diren bitartean. Izan ere, gaur gaurkoz, zapalkuntzaren aurka borrokaren hautua egiteak epaiketak, atxiloketak, manifestatzeko debekuak, infiltrazio polizialak eta milaka eurotako isunak pairatu behar izatea suposatzen du.

Beraz, Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza ezin dugu frantziar zein espainiar estatuek baliatzen duten makinaria errepresiborik gabe ulertu. Alta, hauek martxan jartzen dituzten neurri errepresibo guztiek Euskal Herriko langile klasearen antolakuntza politikoa ekiditeko eta anulatzeko helburua dute, burgesiaren interesak defendatzen eta mantentzen dituzten heinean. Hori gutxi balitz, bizitzaren garestitzearen aurrean, etxebizitza eskuratzeko ezintasunaren aurrean, ingurugiroaren suntsipenaren aurrean edo Euskal Herriko zapalkuntza nazionalaren aurrean, konpromiso politikoz borrokarako hautua egitea kriminalizatua, zigortua eta epaitua da, ez demokratikoa eta biolentoa den aitzakiapean. Bien bitartean, poliziaren inpunitatea, gehiegikeria eta eguneroko bortizkeria zilegitua da “orden soziala”ren izenean, ustezko orden hori burgesiaren mesedepeko bakea besterik ez denean.

Utz diezaiogun, hortaz, Euskal Herrian ematen diren gertakari errepresiboak modu isolatuan ulertzeari. Utz diezaiogun kasu bakoitza modu indibidual batean lantzeari, eta has gaitezen Euskal Herrian ematen diren gertakari errepresiboei osotasunean aurre egiten, eta horretarako beharrezkoak diren bitartekari politikoak sortzen.

Bide horretan, amnistia dugu zapalkuntza horrekin amaitu eta Euskal Herri aske eta sozialista egikaritzeko jomuga. Izan ere, amnistia preso, errefuxiatu eta deportatu politikoen askatasunetik haratago doan helburua da. Amnistiak gizartearen balore aldaketa suposatzen du, zeinak gaur kriminalizatuak diren borrokak eta borrokalariak bihar zilegituak eta babestuak izango diren, Euskal Herri Langilearen begietan. Hau da, amnistiak, unean uneko jazarpen kasuak salatzetik haratago, logika estrategikoa dauka, Euskal Herri Langileak pairatzen duen jazarpenari amaiera emango dion ezinbesteko helburua baita. Euskal Herriko independentzia eta sozialismoa egikaritzeko halabeharrezko baldintza, alegia.

Helburu horren pean antolatzea dagokigu, Euskal Herriak pairatzen dituen zapalkuntza ezberdinen aurka borrokatzen duten norbanako zein eragile politiko guztioi. Hori egin ezean, gure helburu politikoak gauzatzea ekidingo duen errepresioaren etengabeko salaketa hutsalean murgilduko gara. Kontrara, gure borrokak estrategia amankomun eta integral baten baitan txertatu behar ditugu, honek mugimendu iraultzailea eraginkorra izatea eta gauzatzea ahalbidetuko duelarik.

Horrenbestez, amnistia aldarrikatzea ez da lelo hutsala. Euskal Herriko militante iraultzaile ororen betebehar politikoa da. Beraz, dei egin nahi diegu Euskal Herriko norbanako zein eragile politikoei amnistiaren aldeko borrokan murgiltzeko. Guri dagokigulako iraganean aurrera eramandako borrokaren lekukoa hartu eta azken bururaino eramatea. Guri dagokigulako Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntzaren aurrean jartzen dizkiguten oztopoen gainetik askatasunaren bidea ireki eta hau gailentzea.

ASKE antolakundeak Amnistia Egunean plazaratutako irakurketa
Gehiago honi buruz: Aske