Askatasunaren bidean, borrokak darrai!
Egunero borrokatu beharreko zioa dugu Euskal Herria. Honen egikaritzea urrun egon badaiteke ere, bihar lortzear egongo bagina moduan aritu behar gara bere alde. Ez baita alferrikakoa Euskal Herri Langileak bere askapenaren bidean aurrera daraman borroka. Espainiar eta frantziar estatuen menpe zapalketa, azpirazioa, esplotazioa, ukazioa izan dira Euskal Herriaren historia ezaugarritu duten konstanteak. Desagerrarazi eta ezerezera kondenatu beharreko mehatxua baita Euskal Herria estatuontzat.
Horrela, ulergaitza suertatzen da Euskal Herriko etorkizunaz eta askapenaz hitz egitea, hau estatuak inposatutako instituzioen eskutik eraikitzea planteatzen dugun bitartean. Aberri Eguna ez baita Euskal Herria azpiratuta mantentzeko estatuon mesedepean diharduten instituzio zein gobernuek egutegian jaiegun moduan markatu beharreko eguna. Aberri Egunak Euskal Herriaren askapenari begira ekarpena egiten badio, hau, estatuek inposatutako markoetatik haratago, Euskal Herri Langilearen antolakuntzatik ilunetan zapaldutako nazio gisa baztertuta dauden aldarrikapenak plazaratzeko beta ematen duelako da.
Iruzurra instituzioetan ernatzen den moduan, kale gorrian gorpuztuko da independentzia eta sozialismoari bide eman behar dien alternatiba iraultzailea. Euskal Herri Langilearengan baitatza potentzialtasun iraultzailea eta aurrera eman beharreko edozein pausuren zilegitasuna. Estatuon legediek hauen eskutik datorren jazarpena eta hauen alde leial eta fin diharduten kolabo zein borreroek ez dute makurraraziko.
Gauzak horrela, ez dago denbora galtzeko betarik. Estatuak bururaino eramaten ari dira euren militarizazio prozesua. Frantziar estatuak berriro ere inposatu nahi du soldaduska. Eta jada hamaika dira azken urteotan Ipar Euskal Herriko mugimendu iraultzailearen aurka aurrera eraman dituen atxiloketak eta hauetatik etorri diren prozesu judizialak. Atzerrian inperialismoa arma hotsez eta bonbez hedatzen diharduen bitartean, ordena delako etxean inposatu nahi dutena.
Ildo beretik, espainiar estatua alor internazionalean bakearen aldeko eta gerraren aurkako txapeldunaren planta eginez altxatu den arren, Hego Euskal Herriari dagokionez, betiko legez dihardu. Euskararen aurkako oldarraldi betean. Militantzia politikoa kriminalizatu eta ekonomikoki ito nahian. Eta Euskal Herriaren kutsua duen edozerren aurka gogor joz Espainiaren berdintasunaren izenean.
Frantziar eta espainiar gisa, horren aurrean zintzo, isilik eta leial mantentzea dagokigu. Baina euskaldun gisa, Euskal Herriko langile gisa, azpirazioa eta okupazioa gora doazen momentuan, hau normalizatu eta honi men egin beharrean, honen aurka altxatzea, egi gordina biluztea eta antolatzea dagokigu. Gerra eta miseria baitira bakarrik zapaltzen gaituzten estatuon eskutik etorri eta ezagutuko ditugunak. Eta nazio gisa, klase gisa, ezin gara bidegabekeriaren aurrean galbidera garamatzaten estatuon aurrean epelkeriaz aritu. Hildako arrainak baitira bakarrik korrontearen alde egiten dutenak. Aitzitik, kontzientzia eta borrokarako grina dagoen bitartean biziko da Euskal Herria.
Beraz, jarrai dezagun bidea egiten. Iruzurrak irentsi barik, bide iraultzaileari helduz. Euskal Herri Langilearen mesedepeko alternatibak eraikiz. Eta zapaltzen gaituztenen aurka konfrontatuz. Borreroei erauzitako boteregune eta puska bakoitza etorkizuneko euskal estatu independente eta sozialista eraikitzen joateko mugarria izan behar delako. Kontraboterea eduki behar duelako oinarri Euskal Herriko alternatiba iraultzailearen estrategiak. Estatuon nagusitasuna eta inposizioa borrokatuz eta higatuz, egunez egun. Euskal Herri Langilearen askapenak independentzia eta sozialismoa baititu jomuga. Eta hauek lortu arte, askatasunaren bidean borrokak darrai.