Askatasunaren bidean, borrokak darrai!

2026ko otsailaren 14an

Askatasuna egunez egun balioan jarri eta eraiki beharra dago. Eta bide horretan, luzea da oraindik Euskal Herriak aurretik duen ibilbidea, frantziar eta espainiar estatuen oinpean baitirau. Nazionalki ukatua eta klase gisa zapaldua da Euskal Herri Langilea. Bi estatu horien menpe eta euren borondatearen arabera bizi gara.

Estatuoi dagokienez, ez dago eurengandik at ezer eraikitzerik. Euren marko eta instituzioek dena ondo lotuta mantentzea bermatzen dute. Horrela, eurak dira zilegitasunaren jagoleak eta lege zein arrazoiaren jabe bakarrak. Ukatzen gaituztenek markatzen dute zer den zuzena. Zapaltzen gaituztenen araberakoa da zer den onartezina, zer den okerra. Era horretan, inposizioa eta jazarpena baliatzen dituzte euren nagusitasunari eusteko, indarraren eta biolentziaren jaun eta jabe zarenean sobera baitaude eztabaidak. Bigarren planoko auzia da arrazoia. Men egin eta etsaiak inposatutako arau eta joko-zelaia norberarena eginez gero, fartsaren parte gisa onartuko zaituzte, baina betiere indarrean dagoena auzitan jartzen ez duzun eta mehatxutzat jotzen ez zaituzten bitartean.

Mugitzen ez denak ezin ditu igarri kateak. Baina ordenaren izenean Euskal Herriko kaleak indar okupatzailez hartuta dituzte. Herri Langilearen edozein erantzun eta antolakuntza izpi gogor jazartzen eta kriminalizatzen dute, espainiar eta frantziar estatuen instituzio zein borreroek argi baitute zein den kolpatu eta deuseztatu beharreko jomuga. Ez egintza zehatzengatik, baizik eta ideologikoki eta politikoki Euskal Herri Langileari begirako alternatiba politiko iraultzaile bat mahaigaineratzeagatik.

Hala ere, ez dugu zertaz lotsatu. Ez gara ezkutatuko. Ez gara burua bajatuta bizirautera mugatuko. Edozein inposizioren aurrean milaka kolpe burura liezazkiekeen jazarpen forma ororen aurrean, edozein egintza delitutzat jo arren, ez gaituzte desagerraraziko. Izan ere, argi daukagu zer garen: Euskal Herriko langile independentistak eta sozialistak gara.

Ataka horretan, instituzionalismoa edozein planteamendu eta alternatibaren izaera askatzailea edota iraultzailea indargabetzeko eta estatuen logikan irentsia izateko bidea da. Azpirazioak markatutako egunerokotasun horren aurrean, Aberri Eguna aldarrikapenerako eguna dugu. Borrokan berretsi eta Euskal Herri Langilearen proiektu politikoa plazaratzeko eguna. Ez da etsaiak uzten digun zirrikitua. Ez da horren onespen eta babesarekin aurrera eramandako planteamendua. Ilunetan bizi garenok, kapitalaren gurpilagatik zapalduak garenok, asimilazioa xede izanik nazio gisa era jarraian erasotuak garen langileok gure askapenerako nahia ozen eta era publikoan kalera ateratzeko eguna da Aberri Eguna. Euskal Herriko langileok gure antolakuntza esparru propiotik, estatuaren instituzioetatik kanpo eta instituzionalismoan erori gabe, apurketa klabean gauzatzen den eguna izan behar da Aberri Eguna. Izan ere, Euskal Herri Langilearen potentzialtasun iraultzaileak izan behar du bere indar askatzailearen motorra.

Gauzak horrela, JARDUN koordinadorak Euskal Herri Langileari dei egiten dio apirilaren 5ean Gernikan burutuko den Aberri Egunean parte hartzera. Ez gaudelako hondarrengatik lehian aritzeko prest, askatasunaren bidean borrokak darrai!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herri sozialista!

Askatasunaren bidean, borrokak darrai!